Atom Egoyan, Götz Spielmann eta Jasmila Žbanić zuzendariak Donostia Zinemaldiaren 61. edizioko Sail Ofizialean

Hiru izenburu batu zaizkie Donostia Zinemaldiko lehiaketa ofizialeko partaide gisa aurretik iragarri genituen filmei. Nazioarteko hiru zinemagile entzutetsuren lan berriak dira.


Devil's Knot
Atom Egoyan (AEB)

Lau urte igaro dira Atom Egoyan Chloe filmarekin lehiatu zenetik, Zinemaldiaren 57. edizioan. Oraingoan bere lan berriarekin itzuli da. Misteriozko lan honek herri txiki batean eraildako hiru haurri buruzko egiazko kasua kontatuko digu. Poliziak hiru nerabe identifikatuko ditu, “Memphiseko Hiruak”, erritual sataniko bat egiten ari ziren bitartean gauzaturiko krimenaren egile gisa. Egia, ordea, are izugarriagoa izan daiteke, hildako haurretako baten ama eta ikertzaile pribatu bat gauzak diruditenak ez bezalakoak izan daitezkeela susmatzen hasten direnean... Colin Firth eta Reese Witherspoon dira filmaren protagonistak.


For Those Who Can Tell No Tales
Jasmila Žbanić (Bosnia-Herzegovina)

Jasmila Žbanić, Grbavica filmarekin Berlingo Urrezko Hartza (2006) irabazi zuen zinemagile bosniarra, Balkanetako gerraren iragan traumatikora itzuliko da Kym protagonistaren bitartez. Kym turista australiarrak Bosniara bidaiatzea erabakiko du. Bidaia-gidak Bosnia eta Serbia arteko mugan dagoen historiaz beteriko Visegrado herriraino eramango du. Vilina Vlas hotel “erromantikoan” lorik egin gabeko gau bat igaro ostean, Kymek gerran zer gertatu zen jakingo du. Ordutik aurrera ezingo du turista arrunt bat izan, eta bere bizitza ez da inoiz lehenago zena izango.


Oktober November / October November
Götz Spielmann (Austria)

Götz Spielmann zuzendari austriar entzutetsuak Oscar sarirako izendapena lortu zuen 2008an Revanche filmagatik. Oraingoan, gaur egun itxita dagoen Alpeetako ostatu batean hazi ziren bi ahizpari buruzko film berria aurkeztera dator. Sonja Berlinen bizi da. Haren ahizpa Verena, helduxeagoa bera, ez zen inoiz herritik joan. Sonjarentzat iritsi da familia eta haurtzaroko lekuak bisitatzeko garaia. Bilerak azalera aterako ditu, pixkanaka baina errukigabe, bi ahizpen arteko antzinako gatazkak.

 

71. Donostiako Zinemaldia

Emanaldien historikoa

Boturik gabe
Boturik gabe
Zure botua: Ezer ez Batez bestekoa: 5 (Boto 1)
Boturik gabe
Boturik gabe

Hizkuntzak