Hamabi film lehiatuko dira Donostia Zinemaldiaren Horizontes Latinos sailean

Donostia Zinemaldiaren 60. edizioko Horizontes Latinos sailaren programazioak hamabi zinemagileren lanak bilduko ditu, Argentinan, Mexikon, Txilen, Brasilen, Uruguain eta Kolonbian eginak. Guztiak ere nazioarteko jaialdi garrantzitsuetan lehiatu dira edo parte hartu dute, baina Espainian aurkeztu gabeak dira, ez jaialdietan, ez zinema-aretoetan.

Sailkatutako pelikula guztiak Horizontes saria lortzeko lehiatuko dira; 35.000 euroko saria, hain justu.


INFANCIA CLANDESTINA, Benjamín Ávila (Argentina-Espainia-Brasil)
Inaugurazioa

Benjamín Ávila zuzendari argentinarraren lehendabiziko fikzioko film luzeak Casa de América saria irabazi zuen 2011n Donostian, Zinema Eraikitzen atalaren barruan. Ondoren, Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztu zuten. Pasaporte faltsuei, garajeko gordelekuei, ustekabeko lekualdatzeei, asmatutako urtebetetzeei eta amona ezkutuan ikusteari buruzko film hunkigarria. Haur batek bizitzen eta bizirauten nola ikasiko duen kontatuko digu istorio honek.
 

AQUÍ Y ALLÁ, Antonio Méndez Esparza (Mexiko-Espainia-AEB)
Antonio Méndez Esparza zuzendariak eginiko lehengo film luzeak Kritikaren Asteko lehen saria irabazi zuen Cannesen. Filmak ezkonduta dagoen eta bi alaba dituen Pedroren istorioa kontatuko digu. Denbora luzez kanpoan egon ostean, Mexikora itzuli eta bere musika taldearekin bizimodua ateratzen saiatuko da. Bere sustraietatik urrun egon den urte horietan aldaketak izan dira. Hasteko bera aldatu da, baina baita bueltan aurkitu nahi zituenak ere.
 

EL BELLA VISTA, Alicia Cano (Uruguai-Alemania)
Dokumental honek Uruguaiko herri txiki bateko etxe baten istorioa kontatuko digu. Hasieran, futbol-klub baten egoitza izan zen, geroago trabestien burdel batena, eta, azkenean, kapera katoliko bilakatu zen, lekuko biztanle kontserbadoreenen presioen ondorioz.
 

LA DEMORA, Rodrigo Plá (Uruguai-Mexiko-Frantzia)
Rodrigo Plá uruguaiarraren (La zonaDesierto adentro) hirugarren filma Berlingo zinema-jaialdiko Forum sailean aurkeztu zuten. Film honetan, emakume batek memoria galdu duen laurogei urteko aita zaindu beharko du. Zaintzaileak bizi duen gatazkari buruz hitz egingo digu.
 

DESPUÉS DE LUCÍA, Michel Franco (Mexiko)
Michel Francoren film berriak Un Certain Regard saileko saria irabazi zuen Canneseko zinema-jaialdian. Gelakideen erasoak jasaten dituen nerabe baten istorioaz hitz egingo digu. Aitari egia esateko gai ez denez, isiltasunak berebiziko ondorioak izango ditu neskarengan.
 

ERA UMA VEZ VERÔNICA / ONCE UPON A TIME VERONICA , Marcelo Gomes (Brasil)
Marcelo Gomesek 2004ko Zinema Eraikitzen sailean parte hartu zuen Cinema, aspirinas e urubus bere lehen filmarekin; gero, Canneseko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean eta 2005eko Horizontes Latinos sailean lehiatu zen. Film berri honek Zinema Eraikitzen ekimenean parte hartu zuen iaz Donostian, eta protagonista Verónica du. Aitak azken mesede bat eskatuko dio 26 urteko gazteari: bere bizitzako maitasuna aurki dezala.
 

JOVEN Y ALOCADA, Marialy Rivas (Txile
Iaz Donostiako Zinema Eraikitzen sailetik igaro ostean, Marialy Rivas txiletar zuzendariaren lehenengo lanak gidoi onenaren saria irabazi zuen Sundanceko zinema-jaialdiko World Cinema atalean eta Generation sailean parte hartzeko sailkatu zuten. Familia ebanjelista zorrotz batean hezitako hamazazpi urteko gazte baten erretratua da. Neska errebeldea da izatez baina “bide zuzena” jarraitzeko ahaleginetan oztopo handia aurkituko du.
 

POST TENEBRAS LUX, Carlos Reygadas (Mexiko-Frantzia-Alemania-Holanda)
Carlos Reygadas zuzendaria (Batalla en el cielo, Stellet Licht) nazioartean sona gehien lortzen ari direnen artean dago, eta bere lan berria aurkeztera etorri da. Filma Canneseko zinema-jaialdiko Sail Ofizialean lehiatu zen, eta zuzendari onenaren saria irabazi zuen. Juanen eta bere familiaren bizitza deskribatuko digu. Landetxe batean bizi dira. Aparte dagoen mundu horretan sufritu eta gozatu egiten dute. Inork ez daki bi mundu horiek osagarriak diren ala batak bestea suntsitu nahi duen.
 

LA PLAYA, Juan Andrés Arango (Kolonbia-Brasil-Frantzia)
Juan Andrés Arango kolonbiarraren opera prima Canneseko azken zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean lehiatu zen. Aurretik, Donostiako Zinema Eraikitzen atalean parte hartu zuen, 2011n. Filmaren protagonista Tomás da, Bogotán bidea irekitzen saiatzen ari den gazte beltza. Jairo anaia txikiaren bila abiatuko da; bidaia horretan, beldurrari eta iraganeko zauriei aurre egiteko duen kemena probatuko du.
 

SALSIPUEDES, Mariano Luque (Argentina)
Filmaren proiektua Toulouseko Zinema Eraikitzen atalerako eta beste hainbat jaialditan parte hartzeko sailkatu ostean (Cannes eta Buenos Aireseko BAFICI), Mariano Luque argentinarraren opera prima Berlineko Forum sailean aurkeztu zuten. Filmak Carmenen eta haren senar Rafaren kanpineko egun bat deskribatuko digu, oporrez gozatu ezin dutenak...
 

LA SIRGA, William Vega (Kolonbia-Mexiko-Frantzia)
William Vega kolonbiarraren opera primak Canneseko zinema-jaialdiko Errealizadoreen Hamabostaldian parte hartu zuen Toulouseko zinema-jaialdiko Zinema Eraikitzen saria irabazi ostean. Aliciaren istorioa kontatuko digu. Emakume hau bere osaba Óscarrek La Concha urmaelean duen La Sirga ostatuaren bila abiatuko da, zeukan guztia galdu ostean. La Sirgak ezingo dio bizkar eman gerrari: halako batean, Freddy bueltatuko da, Oscarren semea. Aliciak bere burua salbu dagoela uste du, eta ez daki beldur handiena eragiten dion hori bere etxean bizi dela orain.
 

EL ÚLTIMO ELVIS, Armando Bo (Argentina-AEB)
Armando Bo zuzendari, ekoizle eta gidoilariaren lehen film luzeak Sundance zinema-jaialdian parte hartu zuen eta hasiera eman zion Buenos Aireseko BAFICI jaialdiari. Carlos da filmaren protagonista. Abeslari dibortziatu honek Elvisen berraragiztatzea dela uste du. Bere alabaren kargu egin beharko du. Musikaz eta eromenez beteriko bidaian, Elvis izateko ametsaren eta familiaren artean erabaki beharko du.

71. Donostiako Zinemaldia

Emanaldien historikoa

Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe

Hizkuntzak