Hamazazpi film lehiatuko dira Kutxa-Zuzendari Berriak saria eskuratzeko

Donostia Zinemaldiaren 60. edizioak honako herrialde hauetako zinemagileen lanak aurkeztuko ditu Zuzendari Berriak sailean: Danimarka, Holanda, Frantzia, Libano, Alemania, Erresuma Batua, Errumania, Peru, Txile, Paraguai, Brasil, Txina, Iran eta Israel.

Izenburu horiek aldez aurretik iragarritako Espainiako hiru filmei batuko zaizkie: Animals, Marçal Forès zuzendariarena; Chaika, Miguel Ángel Jiménez zuzendariarena, eta Los increíbles, David Valerorena. Guztiak ere Kutxa-Zuzendari Berriak saria eskuratzeko lehiatuko dira. Sariaren irabazlea Sail Ofizialekoa ez den beste nazioarteko epaimahai batek erabakiko du, eta hark izendatutako filmak 90.000 € jasoko ditu, zuzendariaren eta Espainiako banatzailearen artean banatzeko.

60. edizio honetatik aurrera, Zuzendari Berriak atala sail independentea izango da. Sailari indarra emango dion ekimen honen bitartez, Donostia Zinemaldiak nazioarteko zinemagintzako talentu berrien aldeko apustua sendotu nahi du, haien lanei aukera gehiago eskaintzeko eta gure herrialdean bana daitezen bultzatzeko.


7 CAJAS

Juan Carlos Maneglia eta Tania Schémbori (Paraguai)
Europa mailako estreinaldia

Asunción hiriko 17 urteko Víctorren ametsa telebista bat izatea da, eta zazpi kutxa alde batetik bestera eramatea onartuko du 100 dolarren truke. Lan erraza dirudi, baina kutxa horietan mundu guztiak nahi duen zerbait dago. Juan Carlos Maneglia eta Tana Schémboriren lehen lanak Donostiako Zinema Eraikitzen saria irabazi zuen 2011n.
 


Animals

Marçal Forés (Espainia) 
Mundu mailako estreinaldia

Marçal Forés egilearen lehendabiziko film luzea nerabeen amodioari, sakrifizioari eta aurrez aurre dauden bi munduren tragediari buruzko istorioa da, non fantasiaren botereak errealitatearekiko mugak lausotuko dituen, eta heriotza amaiera tentagarri bezain saihestezina izango den.


CARNE DE PERRO

Fernando Guzzoni (Txile-Frantzia-Alemania)
Mundu mailako estreinaldia

Proiektu hau hainbat zinema jaialditan aukeratu zuten, besteak beste, Cannesen, Berlinen eta Toulousen, eta Alejandroren bizitzako une konplexu bati helduko dio. Iraganeko gorrotoaren karga bizkar gainean daraman gizon bakarti eta makal honek nola jokatuko duen asmatzea ezinezkoa da. Fernando Guzzoniren bigarren lana; lehenengoak, La Colorina (2008), hainbat sari jaso zituen nazioarteko zinema jaialdietan.
 


CHAIKA

Miguel Ángel Jiménez (Espainia-Georgia-Errusia)
Mundu mailako estreinaldia

Miguel Ángel Jiménezen bigarren filma (2009an Zinemaldian lehiatu zen Ori lehenengo lanarekin, Zuzendari Berriak sailean) prostituta baten eta marinel galtzaile baten arteko amodio istorioa da. Kontakizuna bi urtaro luzeren artean dago berreraikita; Siberiako negu amaigabea, eta hautsez beteriko Kazakhstaneko estepetako uda.
 


CORES

Francisco García (Brasil)
Mundu mailako estreinaldia

Hazkunde ekonomikoko garaia bizi duen São Paulo metropoli izugarrian bizi diren hiru gazteren arteko laguntasun eta engainu istorioa. Fernando Garcíaren lehenengo film luze hau Toulouseko azken jaialdiko Zinema Eraikitzen sailean parte hartzeko hautatu zuten.
 


DRAUSSEN IST SOMMER

Friederike Jehn (Alemania-Suitza)
Mundu mailako estreinaldia

Nerabe bat Alemaniatik Suitzara joango da bizitzera bere familiarekin. Aldaketaren helburua bere gurasoen arteko harremana konpontzea da, baina haien arteko distantzia areagotu egingo da ohi baino beroagoa izango den udan. Friederike Jehn zuzendariaren bigarren lana; lehenengoa, Weitertanzen / Dancing on and on, 2008an egin zuen.
 


LOS INCREÍBLES

David Valero (Espainia)
Mundu mailako estreinaldia

Aurretik film laburrak egin dituen David Valero egilearen lehendabiziko lana. Hiru heroi arrunten berri emango digu ez fikzioko filma honek: Ala Rota, La Dama de Hierro eta Mujer Radiactiva. Hirurek ere bizitzaren ezbeharrak jasan behar dituzte, eta doilor zitalenen kontra borroka egin: heriotza, desamodioa eta bakartasuna.


LE JOUR DES CORNEILLES

Jean-Christophe Dessaint (Frantzia-Belgika)
Nazioarteko estreinaldia

Animazio film honetan Jean Reno, Isabelle Carré eta Claude Chabrolen ahotsak entzungo ditugu. Beti basoan bizi izan den haurraren istorioa da. Egun batean, bizitza zibilizatua ezagutuko du inguruko herri batean, eta bertan bizi den neska batekin egingo du topo. Jean-Christophe Dessaint animatzailearen lehenengo film luzea. Dessaintek ibilbide luzea egin du Frantzian, Korean eta Japonian, eta 2011n Joann Sfar-ekin lan egin zuen Le chat du rabbin filmean.
 


LAYALI BALA NOOM / SLEEPLESS NIGHTS

Eliane Raheb (Libano-Dubai)
Mundu mailako estreinaldia

Iaz Zinema Mugimenduan saria irabazi zuen Donostia Zinemaldian. Libanoko gerra zibilean zehar hainbat hilketaren arduradun izan zen Assaad Shaftari kristau-milizietako goi-kargu ohiaren eta gatazkan bahituriko gazte baten ama Maryam Saiidiren istorioen bitartez, Eliane Raheben dokumentalak gatazkak utzitako zaurietan sakonduko du, eta erredentzioa eta barkamena posible diren plantearaziko digu.
 


EL LIMPIADOR

Adrián Saba (Peru)
Mundu mailako estreinaldia

Garbitzaile forense bat Liman gertaturiko epidemia-krisi batean umezurtz geratu den haur baten kargu egingo da. Gutxien espero dugun lekuan, tolerantzia eta ulermen istorio bitxi bat gertatuko da. Adrián Saba errealizadore gaztearen lehenengo lana. Orain arte ibilbide oparoa izan du ikus-entzunezkoen ekoizpenaren arloan.
 


THE LOVE SONGS OF TIEDAN

Hao Jie (Txina)
Mundu mailako estreinaldia

Txinaren ipar-mendebalean ohikoa da "Er-ren tai" izeneko ikuskizun bat. Antzezpen honetan abesti txinatar folklorikoen osagaiak jasotzen dira eta jende arruntaren zuntz sentikorra ikutzen du. Tiedanek honela "Arreba" May eta bere hiru alabengatik sentitzen duen maitasuna kantatzen du. Hao Jie txinatarraren bigarren filma. Jiek Donostiako Zuzendari Berriak sailean parte hartu zuen 2010ean Single Man lehen lanarekin.


PARVIZ

Majid Barzegar (Iran)
Mundu mailako estreinaldia

Parviz berrogeita hamar urte inguruko gizona da eta beti bizi izan da aitarekin, lanik egin gabe. Bere bizitza lasaia amaitu egingo da aitak berriz ezkontzea erabaki eta etxetik joateko eskatzen dionean. Majid Barzegarren bigarren lana; lehenengoarekin, Fasle Baranhaye Mousemi / Rainy Seasons (2010), Rotterdameko eta Montrealeko jaialdietan lehiatu zen.
 


ROCKER

Marian Crisan (Errumania)
Mundu mailako estreinaldia

Berrogeita hamar urte inguruko Victor rockerra bere seme drogazaleagatik edozer gauza egiteko prest dago: hari eta haren rock-taldeari hurrengo kontzertua prestatzen lagunduko die. Marian Crisan zuzendari errumaniarraren bigarren lana. Aurreko filmarekin, Morgen, epaimahaiaren sari berezia eta epaimahai gaztearen saria irabazi zituen Locarnoko jaialdian.
 


SHELL

Scott Graham (Erresuma Batua)
Mundu mailako estreinaldia

Shell aita Pete-rekin bizi da Eskoziako Highlandsetako gasolindegi urrun batean. Istorio honek neskaren elementuekiko borrokaz, eta aita-alabak negu batez, Shellek bertan igaroko duen azkena, sentitzen duten maitasun ezinezkoaz hitz egingo digu. Scott Graham eskoziarraren lehen film luzea; London Short Film Festival irabazi zuen Shell bere laburretik egokitua. Bere hurrengo film laburra, Native Son, Canneseko 2010eko Kritikaren Astean estreinatu zuten.
 


Shesh Peamim / Six Acts

Jonathan Gurfinkel (Israel)
Mundu mailako estreinaldia

Nerabe-zinemaren berrinterpretazio errealista. Giliren istorioaren bitartez, sexu-abusuaren alderdi ilunean murgilduko gara. Gizarte-eskalan gora egiteko, eskola berriko kideekin geratzen hasiko da neskatila. Jonathan Gurfinkel 1994tik aritu da lanean publizitatearen, dokumentalen eta telebistaren alorretan, eta hau du lehenengo film luzea.
 


Silent City

Threes Anna (Holanda-Luxenburgo-Belgika)
Mundu mailako estreinaldia

Arraina mozteko artearen sekretuak ikasteko helburuarekin Tokioko bakardade gogorrari aurre egin behar dion europar emakume gazte baten erretratu psikologikoa. Threes Anna zuzendariaren bigarren filma; lehenengoa, The Bird Can't Fly, 2007an egin zuen eta Zuzendari Berriak sailean lehiatu zen 55. edizioan.
 


VICEVÆRTEN / A CARETAKER'S TALE (VICEVÆRTEN)

Katrine Wiedemann (Danimarka)
Mundu mailako estreinaldia

Kontakizun poetiko bezain asaldatzaile eta polemiko honek Per atezain ozpindu eta erretxinaren istorioa kontatuko digu. Atezainak kartzelatik atera berri den seme ganoragabea eta menderatuta dituen bi lagun patetiko ditu. Egun batean biluzik dagoen neska bat aurkituko du hutsik dagoen etxe batean. Iskina batean etzanda dago, gortina batean bilduta; zerutik erori dela dirudi. Itxuraz, ez daki hitz egiten eta besarkadak maite ditu. Zoriontsua dirudi, mutua eta apala: zerutik eroritako oparia. Perrek bere etxera eramango du, eta haren xalotasunak gauza berriak agerraraziko ditu Per eta bere lagunengan: maitasuna, agian? Katrine Wiedemann Danimarkako antzerki-zuzendari ospetsuaren bigarren filma; lehenengoa, Fruen på Hamre / The Lady of Hamre, 2000. urtean egin zuen.

71. Donostiako Zinemaldia

Emanaldien historikoa

Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe

Hizkuntzak