Espainiako hamabost film aukeratu dituzte Donostia Zinemaldiko 'Made in Spain' sailerako

Espainian aurten ekoitzitako obra nabarmenak aurkeztuko dituzte 59. Donostia Zinemaldiaren Made in Spain sailean.


EL ABRAZO DE LOS PECES, Chema Rodríguez
Dokumental honetan, Chema Rodríguez zuzendariak bere hamazortzi urteko alabaren gizarteratze-prozesua azalduko du; gor eta itsu jaio zitzaion alaba, eta egunero zer-nolako arazoei egin behar izaten dien aurre kontatuko du.
 

ÁGUILA ROJA, LA PELÍCULA, José Ramón Ayerra
Gonzalo Montalvo heroiaren abenturak zinema-aretoetara iritsi dira, telebistan izandako arrakastaren ondoren. Telesaileko antzezle-talde ezagunari (David Janer, Javier Gutiérrez, Inma Cuesta, Francis Lorenzo eta Myriam Gallego­) Martina Klein gaineratu diote pantaila handirako.
 

BALADA TRISTE DE TROMPETA, Álex de la Iglesia
Álex de la Iglesiak asmo handinahiegia eduki zuen pailazo baten zorigaitz tragikomikoak kontatzen ditu: trapezistarekin maitemindu zen. Carlos Areces, Antonio de la Torre eta Carolina Bang dira filmeko protagonistak. Veneziako zinema-jaialdian zuzendaritza eta gidoi onenaren sariak eskuratu zituen, eta Goya sarietarako hamabost proposamen izan zituen.
 

BLACKTHORN, Mateo Gil
Mateo Gil zuzendaria Boliviako lautadetara joan da, mendebalde basatiko azken iheslarietako baten atzetik: Butch Cassidy. Eduardo Noriega eta Sam Shephard dira protagonistak. Filma western generoari bihotzez egindako omenaldia da, eta Tribecako eta Las Palmaseko zinema-jaialdietan aurkeztu dute.
 

CATALUNYA ÜBER ALLES!, Ramón Térmens
Ramón Térmens zuzendariak egungo Kataluniaren deskribapen zuhurra eta latza egiten digu; enpresari bat, preso ohi bat eta etorkin bat ditu protagonista. Filmak Malagako zinema-jaialdiko epaimahaiaren sari berezia eta epaimahai gaztearen saria eskuratu zituen.
 

FINISTERRAE, Sergio Caballero
Espainiako zinemagintzak azken urteetan eman duen lanik sailkaezin eta harrigarrienetako bat: bi mamuk era guztietako abentura xelebreak biziko dituzte Donejakue Bidean. Sergi Caballero da zuzendaria, Bartzelonako Sónar jaialdiko arduradunetako bat. Filmak Rotterdameko zinema-jaialdiko Tiger saria eskuratu zuen.
 

David Seymour
© Courtesy of International Center for Photography, David Seymour Estate and Magnum Photos.
LA MALETA MEXICANA, Trisha Ziff
Robert Capa, Gerda Taro eta David «Chim» Seymour argazkilari prestigiotsuek Espainiako gerra zibilean atera zituzten 4.500 argazkien negatiboei buruzko dokumentala. Negatibook gerra garaian galdu zirela pentsatu izan bada ere, 70 urteren buruan, Mexiko Hiriko apartamentu batean agertu dira. Aurretik Karlovy Vary Zinema-jaialdian aurkeztutako filmea.
 

LA MITAD DE ÓSCAR, Manuel Martín Cuenca
Aitonaren heriotza dela eta, hainbat urtez bananduta egon diren bi anaia elkartu egingo dira. Manuel Martín Cuencak soiltasunez zuzendu du giza harreman konplexuei buruzko kontakizun hau. Antonio de la Torre, Verónica Echegui eta Rodrigo Sáenz de Heredia dira protagonistak.
 

EL MUNDO QUE FUE Y EL QUE ES, Pablo Llorca
Pablo Llorcaren film berriak Alderdi Komunistako militanteek gerra ostean izandako bizimodu latzaren kronika egiten du; izan ere, etengabe jazarri zituzten eta klandestinitatean egon behar izan zuten. Las Palmaseko zinema-jaialdian gizonezko aktore onenaren saria irabazi zuen (Pedro Casablanc).
 

NO CONTROLES, Borja Cobeaga
Sergio (Unax Ugalde) neskalagunak utzi berri du, nahiz eta oraindik ez duen onartu. Hori dela eta, Urtezahar gauean aireportuko hotel batean biak harrapatuta geratzen direnean, ahaleginak eta bi egingo ditu neska berreskuratzeko, bere egundoko adiskideen laguntzarekin. Pagafantas filmaren ostean, Borja Cobeagak komedia erromantikorako zer-nolako dohaina duen erakutsi du.
 

NO TENGAS MIEDO, Montxo Armendáriz
Montxo Armendárizek zorroztasun eta sotiltasun handiz helduko die haurren tratu txarrei; horretarako, gazte baten traumaren berri emango du. Txikitxotan aitak behartzen zuen neska gaztearen istorioa, hain zuzen. Karlovy Varyko zinema-jaialdiko Sail Ofizialerako aukeratu zuten.
 

PRIMOS, Daniel Sánchez Arévalo
Daniel Sánchez Arévaloren hirugarren filmak aspaldiko hiru adiskideren elkarketa kontatuko du; txikitan uda-pasa joaten ziren tokira itzultzea erabakiko dute. Quim Gutiérrez, Raúl Arevalo, Antonio de la Torre eta Inma Cuesta ditu protagonista komedia honek.
 

¿QUIÉN FUE PILAR MIRÓ?, Diego Galán
Pilar Miró Espainiako zinemagintzako pertsonaiarik garrantzitsuenetakoa izan zen, baita emakume polemiko eta karismatikoa ere. Dokumental honek bere pertsonalitatearen berri ematen du, ondoen ezagutu zutenen aitorpenen eta lekukotzen bidez.
 

TODAS LAS CANCIONES HABLAN DE MÍ, Jonás Trueba
Garai berrietara ekarritako François Truffaut zinemagilearen film bateko heroia balitz bezala, Ramiro (Oriol Vila) Madrilgo kaleetan zehar ibiliko da, maitasunaren inguruan hausnartzen. Neskalagunak zergatik utzi duen ulertu nahiko du. Jonás Truebaren lehendabiziko lana da; leinuko gazteenarena, hain zuzen. Gijoneko zinema-jaialdian parte hartu zuen, eta bi Goya saritarako proposatu zuten (zuzendari berri onenarena eta aktore hasiberri onenarena).
 

TORRENTE 4, Santiago Segura
Torrenteren zilborrondoa eta narraskeria sekula baino distira handiagoarekin agertuko zaizkigu, hiru dimentsiotan emandako abentura berri honetan. Aurten arrakasta handiena izan duen Espainiako filma. Santiago Segura berriro ere herriaren heroi gisa ikusiko dugu, Espainiako telebistan puri-purian dauden aktore-talde zoroa inguruan duela.
 

71. Donostiako Zinemaldia

Datozen filmak

Anora (J.B.G.A.)
Ostirala, 2024, Abendua 27 - 20:00
Boturik gabe

Emanaldien historikoa

Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Zure botua: Ezer ez Batez bestekoa: 5 (Boto 1)
Boturik gabe

Hizkuntzak