Hemezortzi izenburu izango dira Donostia Zinemaldiaren Zabaltegi sailean ikusgai

Donostia Zinemaldiaren 61. edizioak urteko zinemaren panoramako proposamen interesgarri batzuk bilduko ditu Zabaltegi sailean; horien artean fikziozko hainbat film luze, dokumentalak, film laburrak eta telesail bat.

Espainiako bost ekoizpenen munduko estreinaldiaz gain, beste herrialde batzuetatik etorritako izenburuak ere programatu dira; Polonian, Hego Korean eta Kazakhstanen eginiko lanak, esaterako, baita 3Dko animazio film bat eta Sundanceko jaialdian lehiatu ziren bi dokumental ere. Bestalde, Oliver Stone zuzendariaren The Untold History of the United States telesail-dokumentala aurkeztuko da lehenengoz Espainian, baita AEBetako zuzendariak 2004an egin zuen Alexander: The Ultimate Cut  filmaren 206 minutuko muntaketa berri bate ere.

Euskal Herrian eginiko bi film labur estreinatuko dira, halaber, sailean: Hotzanak, For Your Own Safety, Izibene Oñederra zuzendariarena, eta Zela Trovke (Belarra mozten), Asier Altunarena. Amaitzeko, Lav Diaz zinemagile filipinarraren Prologo sa Ang Dakilang Desaparecido / Prologue to The Great Desaparecido  film labur berriaren mundu mailako estreinaldia izango da. Zuzendari beraren Norte,  Hangganan ng Kasaysayan / Norte, The End of History luzea ere sail berean izango da ikusgai, Cannesetik igaro ostean.


Alexander: The Ultimate Cut
Oliver Stone (AEB)

2014an estreinatuko den muntaketa birmasterizatu berri honetan Oliver Stone zuzendariak Mazedoniako errege Alexandro Handiaren historia epikoa aurkeztuko digu. Pertsonaia ospetsuak garai hartan ezagutzen zen munduaren % 90 konkistatu zuen zortzi urteko denbora-tartean, eta 25 urte baino ez zituela.

 

 


Cutie and the Boxer
Zachary Heinzerling (AEB)

Sundanceko zinema-jaialdiko dokumental zuzendari onenaren saria irabazi zuen lan hau, amodioari, sakrifizioari eta sormen-espirituari buruzko gogoeta zintzoa da, eta Ushio Shinohara margolari-boxeolari ezagunaren eta Noriko artistaren arteko 40 urteko ezkon bizitzaz hitz egingo digu. Tokion artista probokatzaile eta polemikoa zen Ushiok arrakasta zainetan zeramala zirudien, baina 1969an New Yorkera abiatzen denean, nazioarteko aintzatespenaren bila, arrakasta komertzial txikia izango du. Hemeretzi urteko Noriko New Yorkera joango da artea ikastera, eta han, erabat maiteminduko da Ushiorekin.


Drogówka / Traffic Department
Wojtek Smarzowski (Polonia)

Wojtek Smarzowskik, Róza (2011) film sarituaren zuzendariak, Varsoviako Errepideetako Polizia Saileko zazpi ofizial eta laguni buruzko filma aurkeztuko digu. Elkarrekin egiten dute lan, batera irteten dira parrandan, txantxak egiten dituzte, baita beren trikimailuak ere, eta kotxe azkarrak gidatzea maite dute. Mundu txiki hori erori egingo da haietako bat hiltzen dutenean. Król sarjentua bilakatuko da kasuko susmagarri nagusi. Errugabe dela probatzen saiatzean, poliziako eta politikako goi-karguak sartuta dauden ustelkeria sare bat azaleratuko du.


Family Tour
Liliana Torres Expósito (Espainia)

Liliana Torres Expósitoren opera prima da, eta herrialdetik kanpo zenbait urtetan izandako esperientziak islatzen ditu. Amak, aparteko sinpletasun eszentrikoko pertsonaiak, senideak (aitona-amonak, izeba-osabak, lehengusuak) bisitaraziko dizkio Liliri. Bira bat egingo dute haurtzaroko paisaia abandonatuan barrena, eta bere frustrazioak eta denek jaraunsten ditugun akatsekiko tolerantziaren mugak arakatuko ditu.

 


Prologo sa ang dakilang Desaparecido / Prologue to The Great Desaparecido
Lav Diaz (Filipinak)

Lav Diaz zuzendariaren film garrantzitsuen izango den The Great Desaparecido filmaren atarikoaren munduko estreinaldia; Egiari eta Historiari buruzko gogoeta, Filipinetako Iraultza Independentistaren testuinguruan. Andrés Bonifacio buru duen iraultza lehertzen denean, 1896ko abuztuaren 21ean, Filipinak 325 urte daramatza Espainiaren mende. Baina 1897ko maiatzaren 9an, Bonifaciori heriotza zigorra ezarriko dio Emilio Aguinaldoren agindupean dagoen talde iraultzaile lehiakide batek. Bonifacioren gorpua ez zen inoiz agertu. Haren emazteak, Gregoria de Jesúsek, 30 egunez bilatu zuen hilotza mendietan, Andrés bere izenez deitzen, eta espirituen laguntzarekin.


Harmony Lessons
Emir Baigazin (Kazakhstan-Alemania-Frantzia)

Emir Baizagin zuzendari kazakhstandarraren opera primak argazki onenaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen, eta Aslan du protagonista, amonarekin bizi den 13 urteko nerabea. Aslanen nahia ikasketak amaitzea da, kriminalitate-tasa handia duen Kazakhstaneko herrixka batean. Ustelkeriak eta indarkeriak talka egingo dute mutikoaren perfekzio-nahiarekin.

 

 


Hotzanak, For Your Own Safety
Izibene Oñederra (Espainia)

Esan nion zinemagilea nintzela... eta ezer ez da aldatu. Bazterretan barrena doa arima erratua, inoiz seguru, inoiz bere buruaz etsita. Gorputza, ordea, gorputza bada: eta da eta da eta da eta ez dauka non.

 

 


Minuscule - La Vallée des Fourmis Perdues
Thomas Szabo (Frantzia)

Thomas Szabo zuzendariak Minuscule animazio-telesaileko bere pertsonaiak eramango ditu pantaila handira. Baso bateko soilgune lasaian, bertan behera utzitako piknik baten hondarrek borroka piztuko dute bi txindurri-triburen artean. Azukre kaxa bat dago jokoan. Amona mantangorri ausart bat gatazkaren erdian harrapatuta geratuko da. Lurraren arrasean eginiko bidaia epiko bat.

 

 


Mujer conejo
Verónica Chen (Argentina-Espainia)

Batere ohikoa ez den istorioa kontatzen du, forma-proposamen arriskatuarekin, animea eta benetako irudiak nahasten baititu. Ana, jatorriz txinatarra den Buenos Airesko udal-ikuskari eder gaztea, tokiko mafia txinatarrarekin nahastuko da nahigabe. Mehatxatzen dutenean, panpetara ihes egingo du. Panpak untxi haragijale mutantez josita daude.

 

 


Norte, hangganan ng kasaysayan / Norte, The End of History
Lav Diaz (Filipinak)

Lav Diaz, Filipinetako zinemagile ospetsuenetako baten lan berria Canneseko azken jaialdiko Un Certain Regard sailean aurkeztu zuten. Hiru pertsonaren bizitzek itzulerarik gabeko norabidea hartuko dute haietako batek krimen bat gauzatzen duenean. Okerreko gizona sartuko dute espetxean; haren emaztea familia mantentzeko baliabiderik gabe geratuko da, eta kriminala, libre badago ere, berak bakarrik eraikitako kartzela batean harrapatuta geratuko da.


El rey de Canfranc
Manuel Priede González , José Antonio Blanco (Espainia-Frantzia)

Albert le Layren irudi bitxiari buruzko dokumentala da. Albert le Lay Erresistentzia frantsesaren zerbitzura lan egiten zuen espia bat zen, eta Canfranceko tren-estazioko Frantziako aduanako buru aritzen zen normaltasun osoz. Canfrac Espainiaren eta Alemaniaren artean salgaiak pasatzeko puntu estrategikoa zen.

 

 

 


Serrat y Sabina: El símbolo y el cuate
Francesc Relea (Espainia)

Dokumental honek bidaia bat proposatzen du Latinoamerikan barrena, bi artista lagunen abestien eskutik. Joan Manuel Serrat belaunaldi baten ikur da. Joaquín Sabina cuatea da, mexikarrez, lagun mina, gertukoa.

 

 


Sigo siendo (Kachkaniraqmi)
Javier Corcuera (Peru-Espainia)

Dokumental berrian, Javier Corcuerak herrialde bateko parte diren pertsonaia batzuk aurkeztuko dizkigu. Film honetan, musika eta musikariak ditu hizpide; baina ez da zehazki musikari buruzko film bat, itxuraz oso urrutikoak diren istorio pertsonalei buruzkoa baizik. Bere burua aurkitzen eta nortasuna marrazten saiatzen den herrialde batean aurkitzen diren istorioak, hots, Perun.

 


Sin-se-gae / New World
Park Hoon-jung (Hego Korea)

Thriller korear honek epaimahaiaren saria irabazi zuen Beauneko Polizia Zinemaren Jaialdian. Koreako krimenaren sindikatu boteretsuenaren presidentea ustekabean hil ostean, boterea eskuratzeko borroka hasiko da bi ordezkari nagusien artean: klaneko bigarren gizona, Jung Chung, eta hirugarrena, Lee Jong-gu, dira tronurako balizko hautagai nagusiak. Trantsizio hori kontrolatzeko eta gainbegiratzeko, poliziak “Mundu Berria” izeneko operazioa jarriko du abian. Operazio horren buruan Jungen konfiantzazko gizona dago, Ja-sung, baina, egiaz, erakundean zortzi urte infiltratuta daramatzan polizia da.

 

 

 


Twenty Feet from Stardom
Morgan Neville (AEB)

Milioika pertsonak ezagutzen dituzte haien ahotsak, baina ez haien izenak. Sundanceko zinema-jaialdian aurkeztutako dokumental honek XXI. mendeko musikaren izen handienei lagundu dieten koristen historia ezezaguna kontatzea du helburu. Musika ezagunenari itxura eman zioten ahots anonimoei eginiko omenaldia, eta helburu gisa besteen erritmoan egotea zen karreren gatazkei, sakrifizioei eta sariei buruzko gogoeta. Talentu handiko artista horiek estilo, genero eta garai tarte handia estaltzen dute, baina bakoitzak historia bakan eta liluragarria du kontatzeko, izarren itzalean eginiko bizitzari buruz. Artxiboko metrajearekin eta soinu-banda paregabearekin batera, dokumentalak Bruce Springsteen, Stevie Wonder, Mick Jagger, Sting eta beste askori eginiko elkarrizketak biltzen ditu.


The Untold History of the United States
Oliver Stone (AEB)

Oliver Stone zinemagileak eta Peter Kuznick Historia irakasle eta American Universityko Ikasketa Nuklearren Erakundeko zuzendariak batera kontatu eta idatziriko sail hau bere garaian jakin ez ziren baina XX. mendeko Amerikako historia bakan eta konplexua modu erabakigarrian zizelkatu zuten gertaeretan dago oinarrituta. Guztira, ordubeteko iraupeneko hamabi kapitulu dira.


 


Violet
Luiso Berdejo (AEB-Espainia)

Luiso Berdejoren azkeneko filmak Santa Monican (Kalifornia) gertatzen den maitasun-istorio bat kontatzen du. Álexek Polaroid zahar bat aurkituko du; neska batena da, eta erabat maiteminduko da berarekin. Neskaren bila abiatuko da, zein den eta argazkia noiz egin zuen ez badaki ere.

 


Zela Trovke (Belarra mozten)
Asier Altuna (Espainia)

Zela Trovke antzinako abesti eslovakiarra da, Moritat izenez ezagutzen diren horietakoa. Krimen-istorioak kontatzen dituzte eta hilko duten norbait izan ohi da protagonista.

 

 

 

71. Donostiako Zinemaldia

Emanaldien historikoa

Boturik gabe
Boturik gabe
Zure botua: Ezer ez Batez bestekoa: 5 (Boto 1)
Boturik gabe
Boturik gabe

Hizkuntzak