Zazpi film aurkeztuko dituzte Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean

Euskal Herrian ekoitzitako hiru film ere estreinatuko dituzte

Zinemira sailerako aurten aukeratutako zazpi filmak 59. Donostia Zinemaldian ikusi ahal izango dira. Zinemira Euskal Herrian ekoitzitako zinemari eskainitako atala da. Estreinaldiak atalaren barruan, hiru ekoizpen berri aurkeztuko dituzte, eta “Panorama” atalaren barruan, berriz, aurten ekoitzitako lau film nabarmen emango dituzte.

Argitaratu gabeko hiru filmok Serbitzu Zinemira saria irabazteko lehiatuko dira; sari horren helburua euskal kultura eta industria zinematografikoa garatzen laguntzea da. Orotara, 20.000 euro gordin irabaziko ditu filma ekoitzi duenak. Sari honek Serbitzu Elkartearen babesa du.

Euskal Zinemaren Gala Victoria Eugenia antzokian izango da, irailaren 21ean. Bertan, Gregorio Muroren Zeinek gehiago iraun film laburra emango dute, eta Imanol Rayok zuzendutako Bi anai film luzea estreinatuko dute. Galan, Elías Querejeta ekoizleak Zinemira saria jasoko du; hau da, euskal zinemagintzako pertsona ospetsu baten ibilbidea saritzeko ematen den saria.

Zinemira sailaren barruan, era berean, 2011ko Kimuak katalogoko film laburren aukeraketa ere izango da. Kimuak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta Euskadiko Filmategiaren arteko ekimena da, eta helburua urteko film labur nabarmenenak zabaltzea da. Kimuak aukeraketaren barruan, bederatzi film labur bildu dituzte.

Bestalde, Donostia Zinemaldiak Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan jardungo du Euskal Herriko ondare zinematografikoko obra zaharberrituak emateko. Aurten Gotzon Elortza zinemagile bizkaitarraren hiru film labur dokumental aurkeztuko dituzte; hain zuzen, erabat euskaraz sortutako eta filmatutako historiako lehendabiziko pelikulak.

Zinemira Donostia Zinemaldiak antolatzen du, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren, EiTBren, EPEren eta Ibaiaren lankidetzarekin. Halaber, Serbitzu Elkartea da babeslea.

Estreinaldiak

BI ANAI, Imanol Rayo
Hamalau argitalpen izan dituen Bernardo Atxagaren Bi anai eleberriaren egokitzapena. Idazlea, liburu horrekin eta Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian (1984) zein Sugeak txoriari begiratzen dionean (1984) eleberriekin egin zen ezagun euskal irakurleen artean. Paulo da filmeko protagonista; aita hil ostean, bere anaia gutxituaren ardura hartu beharko duen mutila. Imanol Rayo Iruñean jaio zen 1984an. Andoaingo Zine eta Bideo Eskolan Zinematografia Zuzendaritza ikasi zuen. Ondoren, Zinematografia Idazketa egin zuen Urnietan, Michel Gaztambiderekin.Bi anai da bere lehen film luzea.
 

NAO YIK, David Aguilar
Dokumental honek Frances Wilkinsonen berri ematen du, bere bilobak kutxa batean aurkitu zituen eskutitz batzuen bidez. Frances Txinan bizi izan zen 1939 eta 1949 bitartean, eta urte horietan izandako esperientziak gorde izana lekukotza garrantzitsu bilakatu da. Alde batetik, Japoniaren okupazioak eta II. Mundu Gerrak markatutako aroaren berri ematen du, eta, bestetik, irakasle gisa egin zuen lana eta Txinako gizarteari eta kulturari buruzko ikuspegi bikaina ematen ditu: hizkuntza, kaligrafia, txinatarren nortasuna, ohiturak, arkitektura, maitasuna, erlijioa, gastronomia… David Aguilar errealizadoreak eta Francesen bilobak bidaia hau berriro egin dute, orain urte asko idatzitako testu horiek biltzen dituen bideo-egunkaria hartuta. David Aguilarrek (Iruñea, 1979) hainbat dokumental filmatu ditu; horien artean, Heroínas sin nombre (Pello Gonzálezekin batera). Lan hori nazioarteko hainbat zinema-jaialditan aurkeztu eta saritu dute.
 

EL ÚLTIMO PASO, Enara Goikoetxea eta Iurre Telleria
Dokumental honek II. Mundu Gerrari buruz oso gutxi ezagutzen den gertakizuna kontatzen du: Reseau Comète ihes-lerroa. Frantziako, Belgikako eta Euskal Herriko boluntarioek sortu zuten, etsaien mugen atzean hondoratu zituzten pilotu aliatuak naziek okupatutako Frantziatik ateratzeko. Pertsona horien ahalegin ausartari esker, 700 abiatzaile baino gehiago atera zituzten. Dokumental honetan, halaber, pertsonaiei egindako elkarrizketak, leku jakinetara egindako bisitaldiak eta berreraikitze dramatikoen laguntzarekin egindako ekitaldien segimendua aurkituko ditugu, baita bi eta hiru dimentsiotan emandako artxiboko irudiak eta irudi teknikoak ere, argazkiak animatzeko eta irudi errealekin konbinatutako eszena animatuak sortzeko. Enara Goikoetxeak eta Iurre Telleriak muntatzaile eta ekoizle exekutibo gisa lan egin dute hainbat film laburretan eta dokumentaletan, hurrenez hurren. Biak ere dokumental-saioetako eta iragarkietako errealizadore gisa lan egin dute, eta The Pamps dokumentala zuzendu zuten elkarrekin ETBrentzat. Goikoetxeak, halaber, Bizitzako Kopa (2009) film laburra zuzendu zuen, eta Telleria izan zen ekoizle exekutiboa. Film honekin egin dute biak debuta film luzeen eremuan.
 
Panorama

ARRIYA - LA PIEDRA, Alberto Gorritiberea
Film hau Karlovy Varyko zinema-jaialdian aurkeztu zuten, eta bost sari eskuratu zituen Malagako zinema-jaialdian: emakumezko aktorerik onena (Begoña Maestre), argazkirik onena, jantzirik onena, soinu-banda onena, eta film onenaren Asencar-Ópera Prima saria. Filmak gizabanakoaren eta traizioaren arteko gatazka jorratzen du, bi familiaren arteko ika-mikaz eta aspaldiko gorrotoz jositako herri baten deskribapenaren bitartez. Begoña Maestre ez ezik, Iban Garate eta Sara Casanovas ere protagonista dira. Alberto Gorritibereak (Zumaia, 1970) aurretik Eutsi! (2007) filma zuzendu zuen, 2007ko Euskal Zinemaren Egunean eman zutena. Era berean, Asier Hilariorekin batera Flysch, el susurro de las rocas (2009) dokumentala zuzendu zuen.
 

UN MUNDO CASI PERFECTO, Esteban eta José Miguel Ibarretxe
Akzioa eta nahasketa dira nagusi Malagako zinema-jaialdian aurkeztutako komedia honetan. Onenak emandako gidoilari baten ibiliak kontatzen ditu; lapurreta baten lekuko izanik, bizitza osoa hankaz gora ipiniko zaio: poliziak presio egingo dio lapurra identifikatzeko, lapurra atzetik jarraika izango du ezer esan ez dezan, eta bidean gurutzatzen zaion prostituta batekin maiteminduko da. Filmeko protagonista Javier Merino, Antonio Dechent eta Álex Angulo dira. Esteban eta José Miguel Ibarretxe anaiek Solo se muere dos veces (1997) eta Sabotage!! (2000) filmak zuzendu dituzte.
 

NAUFRAGIO, Pedro Aguilera
Robinson Espainiako kostaldera iritsi den Sahara azpiko Afrikako etorkina da. Batere ezagutzen ez duen munduan galdurik hasiko du ibilia, itxuraz bere arbasoen espirituek inposatu dioten egitekoa bete nahiko du: norbait garbitzea. Solo Turé aktorearen lehendabiziko lana da, eta Ramón Barea, Kandido Uranga eta Álex Merino ditu lagun. Filmak Hanburgoko zinema-jaialdian parte hartu zuen, eta Europako zinemagintzari buruzko Sevillako jaialdian epaimahaiaren aipamen berezia eskuratu zuen. Pedro Aguilera (Donostia, 1979) Espainiako zinematografia-panoramako ustekaberik berrienetako bilakatu zen, bere lehendabiziko lana, La influencia (2007), Canneseko zinema-jaialdiko Errealizadoreen Hamabostaldirako aukeratu zutenean eta Bruselako zinema-jaialdiko Age d’Or saria eskuratu zuenean.
 

NEXT MUSIC STATION: LEBANON, Fermin Muguruza
Fermin Muguruza musikari eta dokumentalgileak arabiar munduko musika-errealitatearen soinu-mapa egin du. Dokumental honetan, Déborah Phares argazkilariak Libanoko geografian barrena soinu-bidaia egitera gonbidatuko gaitu; ahots eta soinu mosaiko hori arabiar musika tradizionaletik, bere folkloretik eta bertako instrumentu nabarmenenetatik sortua da (ouda, esaterako). Hala, ekialdearen eta mendebaldearen arteko zubi eta gerturatze lanak egingo dituen hizkuntza berrien bila ibiliko dira, erritmorik modernoenak baliatuta: pop, rock, rap eta rock alternatibo doinuak. Fermin Muguruzak (Irun) euskal musikagintzan garrantzi handia izan du, 80ko hamarkadan Kortatu taldea sortu zuenetik. Ondoren, Negu Gorriak eta Kontrabanda taldeak sortu ditu, baita Esan Ozenki eta TALKA diskografia-etxeak ere. Bakarlari gisa ere disko ugari grabatu ditu. Era berean, Checkpoint rock: Canciones desde Palestina (2009) dokumentala zuzendu zuen. Obra horrek Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia itxi zuen, eta 2009ko Zinemira-Euskal Zinemaren Panorama sailean aurkeztu zuten. Next Music Station Al Jazeera Documentary Channel etxeak ekoitzitako dokumental-seriea da, arabiar munduko hainbat herrialdetako egungo musikagintzari buruz: Maroko, Tunisia, Egipto, Libano, Siria, Kuwait, Bahrein, Yemen eta Sudan.
 
Kimuak katalogoko film laburrak (profesionalentzat bakarrik)

BUCLE, Aritz Moreno.
Gizon bati, telefono bati, kafe bati… eta kiribil bati buruzko bi minutuko film laburra. Aritz Morenok 2008an parte hartu zuen Kimuak katalogoan, Cotton Candy film laburrarekin.
 

LA CALMA, David González
Familiaren inguruko hausnarketa, gaizkia eta gaixotasuna garatzen diren lurralde gisa. David Gonzálezek Kimuak katalogoan El relevo (2006), El tiempo prestado (2008) eta Los que lloran solos (2009) film laburrekin parte hartu du.
 

LA CASA DEL LAGO, Galder Gaztelu-Urrutia
Indarkeria espiral batean bizi den poliziakide bati buruzko thrillerra.
 

COPTOS, Álvaro Sau
Egiptoko monje kopto komunitate baten inguruko dokumentala.
 

LAGUN MINA, Joxe Mari Goenaga
Adiskidetasunari, gertutasunari eta urruntasunari buruzko istorioa, kontzeptu horren inguruan ditugun ideiak jorratzen dituena. Joxe Mari Goenagak 2002ko eta 2005eko Kimuak katalogoan parte hartu zuen, Tercero B eta Sintonía film laburrekin.
 

LA MEDIA PENA, Sergio Barrejón
Bilbo erdialdeko bulego batean, krisiak jotako exekutibo baten eta lanetik kaleratu berri duten etorkin latinamerikar baten bizitzak gurutzatuko dira. Bien bizitzak aldatuko dira elkartzen direnean. Ala ez?
 

MUY CERCA, Iván Caso
Frantziako Landetan grabatutako film labur arduragarria. Emakume bat bere bi semeekin hondartzara joateko bidearen bila ibiliko da. Baina gauzak ez dira ematen dutena bezain errazak...
 

SHE’S LOST CONTROL, Haritz Zubillaga
Thriller itogarri eta ilun honek harrapatuta geratutako emakume baten istorioa kontzen du; etsipen-egoera bati konponbidea topatu nahiko dio. Haritz Zubillagak El método (2001) eta Las horas muertas (2007) film laburrekin parte hartu zuen Kimuak katalogoan.
 

ZEINEK GEHIAGO IRAUN, Gregorio Muro
Haur-joko batek bizitza osorako markatuta utzitako umearen istorio hunkigarria. Gregorio Murok Kimuak katalogoan parte hartu zuen 2008an, Tras los visillos film laburrarekin.
 
Euskadiko Filmategiaren zaharberritze-lanak

Gotzon Elortzaren film labur dokumental hauek emango dituzte:


EREAGATIK MATXITXAKORA (1959)
Bidaia-dokumental honek Ereaga hondartzatik Matxitxako lurmuturrera bitarteko ibilaldia egiten du.
 

ABERRIA (ERRIA) (1961)
Aberri hitzaren esanahiari buruzko hausnarketa. Euskal kulturako pertsonaia garrantzitsuek parte hartzen dute: Valentin Enbeita eta Jon Lopategi bertsolariek edota Victor Oleta dantzariak.
 

ELBURUA GERNIKA (1962)
Bermeoko portutik Gernikako Arbolaraino egindako bidaia; dokumental honek inguru horietako giroak, paisaiak eta biztanleen eguneroko lanak kontatzen ditu.
 

71. Donostiako Zinemaldia

Emanaldien historikoa

Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe

Hizkuntzak