Álex de la Iglesia, Manuel Martín Cuenca, Fernando Franco, Denis Villeneuve eta David Trueba zinemagileek Donostia Zinemaldiaren Sail Ofizialean aurkeztuko dituzte beren lanak

Espainiako hiru ekoizpen Zuzendari Berrien sailean lehiatuko dira, eta hamaika film luze aurkeztuko dira gainerako sailetan

Espainiako zinema Donostia Zinemaldiko protagonista handietako bat izango da aurten ere. Zinemaldiaren 61. edizioak Carmen Maura omenduko du Donostia sariarekin, Espainiako zinemagintzako azken hamarkadetako ibilbide profesional nabarienetako baten errekonozimendu gisa. Carmen Maurak bere azken filma aurkezteko ekitaldian jasoko du Donostia saria. Hain zuzen ere, lehiaketaz kanpo emango duten Álex de la Iglesia zuzendariaren Las brujas de Zugarramurdi aurkezteko ekitaldian.

Bestalde, aurtengo edizioko Sail Ofizialean Espainiako bi ekoizpen eta bi koprodukzio lehiatuko dira: Manuel Martín Cuenca, David Trueba eta Denis Villeneuve zuzendari ospetsuen lan berriek, baita Fernando Franco zinemagilearen opera primak ere.

Zuzendari Berriak sailean, berriz, beste lau talentu gaztek parte hartuko dute: Fran Araujo, Ernesto de Nova, Isabel Ayguavives eta Aarón Fernández. Zabaltegin, aurten ekoitzitako fikzio eta dokumental aukeraketa interesgarri bat aurkeztuko da. Belodromoan, Oskar Santos zuzendariaren Zipi y Zape y el club de la canica filma estreinatuko dute; Horizontes Latinos sailean hiru koprodukzio lehiatuko dira, eta beste film bat ere lehiatuko da Publikoaren saria eskuratzeko Perlak sailean. Horiek guztiek osatuko dute Espainiako zinemaren presentzia 61. Donostia Zinemaldian.

Sail Ofiziala

LAS BRUJAS DE ZUGARRAMURDI
Alex de la Iglesia (Espainia - Frantzia)

Komedia delirante eta frenetikoa. Hiru gizonezko ditu protagonista: etsipenaren etsipenez Compro Oro denda horietako bat atrakatuko dute Madrilgo Puerta del Solen, eta, handik, Disneylandiarantz abiatuko dira hiruretako baten semea hartuta. Baina, Frantziako mugan, euskal sorgin batzuk agertuko zaizkie, eta, orain milaka urteko sorginkeria-ohiturei jarraiki, gizonezkoei adarra joko diete sorginok.


Caníbal
Manuel Martín Cuenca (Espainia - Errumania - Errusia - Frantzia)

Manuel Martín Cuencaren film berria deabru baten amodio-istorioa da: Carlos Granadako jostun prestigiotsuena da, baita itzalpeko hiltzailea ere. Ez du ez kontzientziako harrik, ez kulparik… Nina ezagutzen duen arte. Ninari esker, bere egintzak benetan nolakoak diren ezagutuko du, eta lehenengo aldiz maiteminduko da.


Enemy
Denis Villeneuve (Espainia - Kanada)

Denis Villeneuve (Incendies) zuzendari kanadarraren lan berria koprodukzio hispano-kanadarra da, eta Jake Gyllenhaal du protagonista. Krisian dagoen gizon baten psikea aztertzen duen thriller misteriotsu bat: Adam irakasleak bizitza monotonoa darama, baina, halako batean, Anthony ezagutuko du; hots, fisikoki bera bezalakoa den garrantzi eskaseko aktorea.


La herida (Zauria)
Fernando Franco (Espainia)

Fernando Francoren opera primak Ana du protagonista; hots, 30 urteko anbulantzia-gidari bat. Lanean eraginkorra bada ere, kosta egiten zaio lanetik kanpo erlazionatzea; berak ez daki, baina psikiatrek mugako nortasun-nahasmendu deitzen dioten hori dauka. Hori dela-eta, bere kalterako gauzak egiten ditu, esaterako, alkohol gehiegi edan eta bere burua jo. Ana ez da gai bere irrikarik handiena lortzeko: zoriontsu izatea.


Vivir es fácil con los ojos cerrados
David Trueba (Espainia)

David Truebaren film berriak hiru pertsonaiaren artean sortzen den adiskidetasun ahaztezina irudikatzen du: John Lennon Almerian film bat grabatzen ari dela ohartzen denean hiri horretara joango den ingeleseko irakasle bat, etxetik ihes egin duen 16 urteko mutil bat eta itxuraz zerbaitetik ihesi dabilen neska gazte bat.



Zuzendari Berriak

El árbol magnético
Isabel Ayguavives (Espainia-Txile)

Gazte bat bere sorterrira, Txilera, itzuliko da kanpoan denbora luzea eman ondoren. Txikitan familiak zuen landa-etxea salgai dago, eta tokiari agur esateko bilduko dira guztiak. «Zuhaitz magnetikoa», ezaugarri arraroko herriko bitxikeria bat, bisitatuko du, eta ia ahaztuta zituen sentsazioak eta maitasunak sentituko ditu.


LAS HORAS MUERTAS
Aarón Fernández (Mexiko-Frantzia-Espainia)

Aarón Fernándezen bigarren filma koprodukzio hispano-mexikar-frantsesa da, eta Donostia Zinemaldiko 60. edizioko Zinema Eraikitzen Sailean parte hartu zuen. Veracruzko kostaldean, Sebastiánek, 17 urteko gazteak, osabaren motela kudeatu beharko du laguntzarik gabe. Logelak alokatuko ditu orduka. Hala, Miranda ezagutuko du eta sedukzio-joko laburra hasiko dute. Miranda inoiz iristen ez den maitalea itxarotera joan ohi da motelera.


El rayo
Fran Araújo, Ernesto de Nova Roldán (Espainia-Portugal)

Hassan etorkin marokoarraren odisea. Espainian hamahiru urte eman ondoren, ez du lanik aurkitzen eta etxera bueltatzea erabakiko du. Marokon lan egiteko, aurreztutako diru guztiarekin bigarren eskuko traktore bat erosiko du, eta haraino traktorez joango da. Espainiara iritsi zenean ez zuen ezer, baina orain ondasun bakarrarekin itzuliko da: el Rayo.



Horizontes Latinos

La jaula de oro
Diego Quemada (Mexiko - Espainia)

Diego Quemadaren koprodukzio hispano-mexikarra da, eta azkeneko Cannesko zinema-jaialdiko «Un certain regard» Sailean estreinatu zen. Juan, Sara eta Samuel 15 urteko gazteek Guatemalatik ihes egingo dute, AEBetara iristen saiatzeko. Hiru nerabeek mundu hobea bilatu nahi dute Mexikoko mugez harago, baina laster ohartuko dira errealitatea oso bestelakoa dela.

 

Pensé que iba a haber fiesta
Victoria Galardi (Argentina - Espainia)

Victoria Galardi zinemagile argentinarrak lan berria estreinatuko du, hain zuzen, Donostia Zinemaldiaren 60. edizioko Koprodukzio Foroan aurkeztu zuena. Koprodukzio hispano-argentinarra da, eta Anaren istorioa kontatzen du, lagun minenaren senar ohiarekin amodio-kontuetan hasiko den emakumearena, alegia. Maitasuna bilatzeari, adiskidetasunari, bakartasunari, beldurrei, erruari, unibertso femeninoari… buruzko filma.


Wakolda
Lucía Puenzo (Argentina - Frantzia - Espainia)

Lucía Puenzoren azken filma Cannesko zinema-jaialdiko «Un certain regard» sailean estreinatu zuten, eta Argentinaren, Frantziaren eta Espainiaren artean produzituta dago. Benetan gertatutako istorioa da, Argentinako familia batena, hain zuzen: historiako kriminal handienetako batekin bizi izan zen, benetan nor zen jakin gabe.



Perlak

Gloria
Sebastián Lelio (TXILE - ESPAINIA)

Sebastián Leliok zuzendutako koprodukzio hispano-txiletarra da, eta iazko Donostia Zinemaldiko Zinema Eraikitzen Saileko saria eta azkeneko Berlingo zinema-jaialdiko emakumezko aktore onenaren Urrezko Hartza saria irabazi zituen. Gloria, 58 urteko txiletarra, emakume erakargarri eta bizia da, eta bizitzako etapa berri batean sartzen ari da.



Zabaltegi

Family Tour
Liliana Torres Expósito (Espainia)

Liliana Torres Expósitoren opera prima da, eta herrialdetik kanpo zenbait urtetan izandako esperientziak islatzen ditu. Amak, aparteko sinpletasun eszentrikoko pertsonaiak, senideak (aitona-amonak, izeba-osabak, lehengusuak) bisitaraziko dizkio Liliri. Bira bat egingo dute haurtzaroko paisaia abandonatuan barrena, eta bere frustrazioak eta denek jaraunsten ditugun akatsekiko tolerantziaren mugak arakatuko ditu.


Hotzanak, for your own safety
Izebene Oñederra (Espainia)

Izibene Oñederra egilearen animazioko film labur berriak nortasun pertsonalaren gaineko kontrolaren eraginak ditu hizpide; norbanako bat delitugile bilaka daitekeen metafora darabil.


MUJER CONEJO
VERONICA CHEN (Argentina - Espainia)

Verónica Chenek zuzendutako film hau Espainiaren eta Argentinaren arteko koprodukzio bat da. Batere ohikoa ez den istorioa kontatzen du, forma-proposamen arriskatuarekin, animea eta benetako irudiak nahasten baititu. Ana, jatorriz txinatarra den Buenos Airesko udal-ikuskari eder gaztea, tokiko mafia txinatarrarekin nahastuko da nahigabe. Mehatxatzen dutenean, panpetara ihes egingo du. Panpak untxi haragijale mutantez josita daude.


el rey de canfranc (canfranc erregea)
manuel priede gonzález, JOSE ANTONIO BLANCO (Espainia - Frantzia)

Albert le Layren irudi bitxiari buruzko dokumentala da. Albert le Lay Erresistentzia frantsesaren zerbitzura lan egiten zuen espia bat zen, eta Canfranceko tren-estazioko Frantziako aduanako buru aritzen zen normaltasun osoz. Canfrac Espainiaren eta Alemaniaren artean salgaiak pasatzeko puntu estrategikoa zen.


Serrat y Sabina: El símbolo y el cuate
Francesc Relea (Espainia)

Dokumental honek bidaia bat proposatzen du Latinoamerikan barrena, bi artista lagunen abestien eskutik. Joan Manuel Serrat belaunaldi baten ikur da. Joaquín Sabina cuatea da, mexikarrez, lagun mina, gertukoa.


SIGO SIENDO (KACHKANIRAQMI)
Javier Corcuera (Peru - Espainia)

Dokumental berrian, Javier Corcuerak herrialde bateko parte diren pertsonaia batzuk aurkeztuko dizkigu. Film honetan, musika eta musikariak ditu hizpide; baina ez da zehazki musikari buruzko film bat, itxuraz oso urrutikoak diren istorio pertsonalei buruzkoa baizik. Bere burua aurkitzen eta nortasuna marrazten saiatzen den herrialde batean aurkitzen diren istorioak, hots, Perun.


Violet
Luiso Berdejo (AEB - Espainia)

Luiso Berdejoren azkeneko filmak Santa Monican (Kalifornia) gertatzen den maitasun-istorio bat kontatzen du. Álexek Polaroid zahar bat aurkituko du; neska batena da, eta erabat maiteminduko da berarekin. Neskaren bila abiatuko da, zein den eta argazkia noiz egin zuen ez badaki ere.


Zela Trovke
Asier Altuna (Espainia)

Asier Altunaren azken film laburra Moritat bati, hots, krimen baten istorioa kontatzen duen abesti eslovakiar zahar bati buruzko dokumentala da.



Belodromoa

ZIPI Y ZAPE Y EL CLUB DE LA CANICA
Óskar Santos (Espainia)

Komikietako pertsonaia famatuak pantailara ekarriko ditu Oskar Santos zuzendariak. Zipi eta Zape zigortu egingo dituzte, eta Esperanza ikastetxean igaro beharko dute uda; hots, Falconetti beldurgarriak zorroztasunez eta begian partxea duela zuzentzen duen hezkuntza-zentroan.

 

71. Donostiako Zinemaldia

Emanaldien historikoa

Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe

Hizkuntzak