“The Young and Prodigious T.S Spivet”, Jean-Pierre Jeunet zuzendariaren film berriaren munduko estreinaldia Donostia Zinemaldiaren amaiera-ekitaldian izango da
Galan izango dira filmaren zuzendaria eta Kyle Catlett eta Helena Bonham Carter protagonistak
Donostia Zinemaldiaren 61. edizioa irailaren 28an amaituko da, The Young and Prodigious T.S. Spivet filmaren munduko estreinaldiarekin.
Filma Jean-Pierre Jeunet zinemagile frantziarraren azken lana da. Zuzendariarenak dira, halaber, egungo zinemaren klasiko handietako bat, Amelie (2001); Delicatessen (1991) eta La cité des enfants perdus (Haur galduen hiria, 1995) –biak ere Marc Carorekin batera eginak–; Alien Resurrection (1997); Un long dimanche de fiançailles (Ezkongaietako igande luzea, 2004), eta Micmacs à tire-larigot (2009). Jeunetek berak aurkeztuko du filma Kursaal Auditoriumean eta Antonio Elorza belodromoan.
The Young and Prodigious T.S. Spivet filmak Kyle Catlett eta Helena Bonham Carter ditu protagonista, eta Zinemaldiaren klausura-galan izango dira. Filmean parte hartu duten aktoreen zerrenda honako hauek osatzen dute: Judy Davis, Callum Keith Rennie, Robert Maillet eta Dominique Pinon.
Pelikula hiru dimentsiotan filmatuta dago, eta T.S. Spivet du protagonista, Montanako arrantxo batean bizi den hamabi urteko jenioa. Kartografiarako eta asmakarietarako duen talentu izugarriak laster izango du ordaina. Zientzia-erakunde batek prestigio handiko saria emango dio eta herrialde erdia zeharkatu beharko du haren bila joateko.