Cannesen Urrezko Palmorria irabazi zuen "Amour" eta Berlinen Urrezko Hartza jaso zuen "Cesare deve morire" izango dira Zabaltegi Perlak sailean parte hartuko duten filmetako bi

Aurten ere, ohiko den bezala, nazioarteko zine-jaialdi garrantzitsuetan ikusi ahal izan diren pelikula onenetako batzuk aurkeztuko dira 60. Donostia Zinemaldiaren Zabaltegi Perlak sailean. Honako izenburu hauek guztiak izango dira Publikoaren SGAE-Autore Fundazioa Saria eskuratzeko hautagai: Kudeaketa-erakundeak ikus-entzunezkoen arloko urteroko ekimenari laguntza eskaini dio sektorearentzat duen garrantziagatik.

Editore eta Egileen Elkarteak (SGAE) eta Autore Fundazioak babestuko dute Donostia Zinemaldiaren edizio honetako Publikoaren saria. Sariaren izena Publikoaren SGAE-Autore Fundazioa izango da orain, eta hura irabazten duen filmak 60.000 euro jasoko ditu; gainera, boto gehien dituen Europako filmak ere 20.000 euro irabaziko ditu. Sari-banaketa amaierako galan egingo da, irailaren 29an.

SGAEren bazkideen artean ikus-entzunezko lanen 8.500 egile baino gehiago daude, argudiogile, gidoilari eta zuzendarien artean, eta aurten, sari garrantzitsu honen babesle izango da lehenengoz, Donostia Zinemaldiak egileentzat duen garrantzia dela-eta. Babesletza honekin, SGAEk agerian jarri du ikus-entzunezkoen sormenaren aldeko bere apustu eta laguntza sendoa.

Autore Fundazioa 1997an sortu zuten, SGAEren konpromisoaren eta erantzukizun sozial korporatiboaren adierazpen gisa. Haren helburua egileen eta editoreen alde jarduera sozialak egitea, haiei laguntzea eta haien lanak sustatzea da. Autore Fundazioaren barruan, Buñuel Institutua da egileen ikus-entzunezko sormena sustatzeaz arduratzen dena. 


AMOUR (MAITASUNA)
MICHAEL HANEKE (FRANTZIA-ALEMANIA-AUSTRIA)

Inaugurazioa

Michael Haneke zuzendariaren azken filmak Urrezko Palmorria irabazi zuen Canneseko zinema-jaialdiaren azken edizioan. Protagonistak Georges eta Anne dira, laurogei urteko bi musika-irakasle. Bien arteko amodioa kolokan jarriko da Annek bihotzekoa jasan eta bere gorputza paralizatuta geratzen denean. Jean-Louis Trintignant, Emmanuelle Riva eta Isabelle Huppert dira filmaren protagonistak.
 


THE ANGELS' SHARE (THE ANGELS' SHARE)
KEN LOACH (ERRESUMA BATUA-FRANTZIA-BELGIKA-ITALIA)

Klausura

Ken Loach nazioartean oihartzun handien duen zuzendari britainiarretako bat da; bere film berria Canneseko azken zinema-jaialdiko Sail Ofizialean lehiatu zen, eta epaimahaiaren saria irabazi zuen. Protagonista gazteak iraganean eginiko delitu guztiak zuzentzea erabakiko du bere lehenengo semea jaiotzean. Eta orduan, whiski-dastatzaile gisa ustekabeko talentua duela konturatuko da.
 


Après Mai
Olivier Assayas (FRANTZIA)

Olivier Assayas zuzendariaren film berria Veneziako zinema-jaialdian lehiatu zen, eta bere protagonista 70eko hamarkadako Frantziako zurrunbilo politiko eta kreatiboan bizi den ikasle bat da. Egoera horretan, bere konpromiso erradikalaren eta helburu pertsonalen artean aukeratu beharko du.

 


BEASTS OF THE SOUTHERN WILD (HEGOALDE BASATIKO PIZTIAK)
BENH ZEITLIN (AEB)

Benh Zeitlin zuzendariaren opera primak Urrezko Kamera irabazi zuen Canneseko zinema-jaialdiaren azken edizioan, eta epaimahaiaren sari nagusia Sundancen. Urak igo egingo dira, animalia arraroak itzuliko dira hilobitik, eta dikeaz harago dagoen guztia desagertu egingo da Hushpuppy izeneko sei urteko neskatilari buruzko ipuin honetan. Hushpuppy aita Wink-ekin bizi da, ia munduaren amaieran.


CESARE DEVE MORIRE (ZESARREK HIL EGIN BEHAR DU)
PAOLO Y VITTORIO TAVIANI (ITALIA)

Paolo eta Vittorio Taviani anaiek Urrezko Hartza irabazi zuten film honekin Berlineko jaialdiaren azken edizioan. Filmak preso-talde batek Shakespeareren Julio Zesar obra kartzelan antzezteko egingo dituen ahaleginak kontatuko dizkigu.

 

 


HOPE SPRINGS (BENETAN NAHI BADUZU...)
DAVID FRANKEL (AEB)

Tommy Lee Jones, Meryl Streep eta Steve Carell dira komedia honetako protagonistak. Filmak Kay eta Arnold bikotearen bizitza kontatuko digu. Protagonistek hogeita hamar urte baino gehiago daramatzate elkarrekin, baina kanpotik bikote heldu baten armonia eta egonkortasun perfektu dirudiena, gogaitasun eta monotonia bilakatu da Kayrentzat. Faltan ematen du hasierako garaietako ilusioa, desioa, pasioa eta haragikeria... eta horri erremedioa jartzea erabakiko du; horretarako, sexologo ezagun baten terapian sartuko da.


THE IMPOSTER (IRUZURTIA)
Bart Layton (ERRESUMA BATUA)

Dokumental honek Ipar Ameriketako familia baten desagertutako semearen plantak egingo dituen gazte baten istorioa berreraikiko du. Ilehoria beharrean beltzarana, frantsesa eta desagertutako haurra baino hamar urte zaharragoa izan arren, familiak onartu egingo du. Bart Laytonen film hau Sundancen eta Edinburgoko jaialdian lehiatu zen, eta saria irabazi zuen Miamin.


Io E Te (NI ETA ZU)
Bernardo Bertolucci (ITALIA)

Bernardo Bertolucci zinemagile italiarraren azken lan hau Canneseko zinema-jaialdian izan zen, lehiaketaz kanpo. Hona hemen zuzendari beteranoaren klasiko batzuk: Ultimo tango a Parigi (Azken tangoa Parisen, 1972), Novecento (1976), Last Emperor (Azken enperadorea, 1987) eta The Sheltering Sky (Zeru babesle, 1990). Bere film berriaren protagonista Lorenzo da, familiarekin eta bizi den munduarekin erlazionatzeko arazoak dituen 14 urteko mutila. Zailtasun horiek direla-eta, Lorenzok astebetez etxeko sotoan ezkutatzea erabakiko du, baina haren arrebaorde hauskor eta errebeldea agertu, eta amaitu egingo zaio lasaitasuna.


NO (EZ)
PABLO LARRAÍN (TXILE-AEB-MEXIKO)

Pablo Larraín Horizontes Latinos sailean izan zen bere aurreko lanekin: Tony Manero (2008) eta Post Mortem (2010); azken film horrekin, Errealizadoreen Hamabostaldiko saria irabazi zuen Cannesen. 1988 urtea da eta nazioartetik jasotako presioaren aurrean, Augusto Pinochet diktadore txiletarrak bere presidente-kargua babesteko erreferendum bat antolatu beharko du. Oposizioko liderrek René Saavedra publizitate arloko exekutibo gazte eta ausarta konbentzituko dute ezezkoaren aldeko kanpainaz ardura dadin. Baliabide oso mugatuak eta polizia despotaren kontrol izugarria izan arren, Saavedrak eta bere taldeak erreferenduma irabazteko plan oso ausarta jarriko dute martxan.


SAVAGES (BASATIAK)
OLIVER STONE (AEB)

Hiru Oscar irabazi dituen, eta Platoon, Uztailaren 4an jaioa eta JFK klasikoen zuzendari Oliver Stone film berri batekin datorkigu. Don Winslow best-seller idazlearen nobela beltzean dago oinarrituta, eta Kalifornia Behereko bi marihuana kultibatzaileren eta narkotrafikatzaile-kartel errukigabe baten arteko liskarraz hitz egingo digu. Aktore-zerrenda bikaina da: Taylor Kitsch, Blake Lively, Aaron Taylor Johnson, John Travolta, Benicio Del Toro, Salma Hayek, Emile Hirsch eta Demian Bichir.


THE SESSIONS (SAIOAK)
BEN LEWIN (AEB)

Publikoaren saria eta epaimahaiaren sari berezia irabazi zituen Sundance jaialdian. Mark O'Brien kazetari eta poetaren idazki autobiografikoetan oinarrituriko lan honek, birika artifizial bati lotuta bizi den gizon baten istorioa kontatuko digu. 38 urterekin birjintasuna galtzea erabaki du, eta horretarako, terapeuta baten eta apaiz baten laguntza bilatuko du. John Hawkes, Helen Hunt eta William H. Macy dira protagonistak.


ESTA NO ES LA VIDA PRIVADA DE JAVIER KRAHE (HAU EZ DA JAVIER KRAHEREN BIZITZA PRIBATUA)
Ana Murugarren, Joaquín Trincado (ESPAINIA)

EMANALDI BEREZIA SGAE-AUTORE FUNDAZIOA (LEHIAKETATIK KANPO)
Cinéma Vérité, road movie, komedia hutsa. 2006ean ekoitziriko film honek denboraren erasorik jasaten ez duela dirudien eta industriarekiko loturarik gabe bizi den Krahe bat erakutsiko digu, urtean 70 ikuskizun baino gehiago egiten dituena, urtetik urtera harekiko leiala den publikoarekin topo egiteko, Espainiako mapa bitxi bat marraztuz. Filmak berreskuratu dituen zenbait pasartek, esaterako Sabinarekin OTANen eta Felipe Gonzálezen aurka egin zuen eta bere garaian zentsuratutako ikuskizun polemikoak, edo Sobre la Cristofagia super 8ak ohiz kanpoko jazarpena eta polemika eragin dute berriz ere.

 

71. Donostiako Zinemaldia

Emanaldien historikoa

Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe

Hizkuntzak