ESPAINIAKO LAU FILMEK HARTUKO DUTE PARTE DONOSTIA ZINEMALDIAREN SAIL OFIZIALEAN

Urrezko Maskorra jasotzeko José María de Orbe (Aita), Judith Colell eta Jordi Cadena (Elisa K), Oscar Aibar (El Gran Vázquez) eta Agustí Villaronga (Pa Negre) zuzendarien film berriak lehiatuko dira.

Aita izena du José María de Orbe zuzendariaren bigarren lanak; lehenengoa, La línea recta (2006) izan zen. José María de Orbe Espainiako zinemagintzako zuzendaririk sailkaezinenetako eta pertsonalenetako bat da. Aita Luis Miñarrok ekoitzi du, eta orain gutxi Karlovy Varyko zinema jaialdian Kristalezko Globoa sari nagusia jaso du Agustí Vila zuzendariaren La Mosquitera filmarekin. Horrez gain, Apichatpong Weerasethakul zuzendariaren Lung Boonmee Raluek Chat filma koproduzitu du Miñarrok. Azken film horrek Urrezko Palmorria irabazi du aurtengo Canneseko zinema jaialdian. Miñarro, era berean, Donostia Zinemaldiko Zinema Eskolen Nazioarteko Topaketako epaimahaiburu izan zen 2009an.

Judith Colell eta Jordi Cadena kataluniarrek Elisa K filma zuzendu dute, Lolita Bosch idazlearen Elisa Kiseljak obran oinarritua. Judith Colell zuzendariaren aurreko obra, 53 Días de Invierno, Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean estreinatu zen 2006an. Jordi Cadena, berriz, Espainiako trantsizio garaiko zuzendari esanguratsuenetako bat da, eta 1991n hartu zuen parte Zinemaldiko Sail Ofizialean Los Papeles de Aspern filmarekin.

El Gran Vázquez Oscar Aibarren laugarren filma da. Santiago Segura –lehenago La Máquina de Bailar filmean hartu zuen parte– Alex Angulo eta Enrique Villén dira film honetako aktoreak; komedia tankerako biopic berezia da, ukitu garratzak ere badituena. El Gran Vázquez filmak Vázquez margolariaren bizitza kontatzen du, frankismo garaian Bruguera argitaletxeko margolari nabarmenena izan zena.

Agustí Villaronga zuzendaria hirugarrenez izango da Donostia aldean; aurten Pa Negre filmarekin etorriko da, baina aurretik ere izan zen Zinemaldian Aro Tolbukhin (Sail Ofiziala, 2002) eta Tras el Cristal (Zabaltegi-Zuzendari Berriak, 1986) lanekin. Villaronga nazioarteko zinema jaialdi ugaritan izan da, eta Berlingo (El Mar) zein Canneseko (El niño de la luna) zinema jaialdietan ere hartu du parte. Pa Negre filmak Emili Teixidor idazle kataluniarraren izen bereko eleberria du oinarri, eta, besteak beste, Laia Marull (emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra 2003an Te doy mis ojos filmarekin), Eduard Fernández eta Sergi López ditu protagonista.

Datozen egunetan jakinaraziko du Donostia Zinemaldiak aurtengo edizioan Espainiako zer beste filmek hartuko duen parte.


AITA
AITA

Espainia
Zuzendaria: José María de Orbe
Antzezleak: Luis Pescador, Mikel Goenaga

Inor bizi ez den etxe zahar bat, etxeko zaindaria, herriko apaiza, espazioak, soinuak, argi-itzalak, denboraren joana. Etxeko zirrikitu ezkutuenetan istorio intimoak bezain kolektiboak ageri dira. Zinema filmaren fikzioaren barruan fantasma bilakatuko da. Kutxa-Zuzendari Berriak sarirako hautagaia.


ELISA K
ELISA K

Espainia
Zuzendaria: Judith Colell eta Jordi Cadena
Antzezleak: Aina Clotet, Clàudia Pons, Lydia Zimmermann, Hans Richter, Jordi Gràcia, Pep Sais, Ramon Madaula, Mari Pau Pigem, Nausicaa Bonnin

Elisak hamaika urte egingo ditu udan, eta lazo urdinak dituen soineko zuri berria gustuko du. Baina gutxi falta da guztiak garrantzia izateari uzteko. Bere aitaren lagunak negar eragin dio, eta hara zer esango dion ondoren: «Negar egiteari uzten badiozu, zilarrezko eskumuturrekoa oparituko dizut». Inortxo ere ez da jabetu zer gertatu den. Elisa harrituta antzean dago, baina besterik ez. Hamalau urte, lau hilabete eta hainbat egun igarotakoan, ordea, amari deituko dio izututa: «Lagundu! Sekulako gauza beldurgarria gogoratu dut». Judith Colell zuzendariaren hirugarren film luzea da; 2006an ere hartu zuen parte Zinemaldian 53 días de invierno filmarekin Zabaltegi-Zuzendari Berriak atalean. Jordi Cadena zuzendariak eta biak zuzendu duten lehen filma da. Cadenak Los Papeles de Aspern aurkeztu zuen Zinemaldiaren Sail Ofizialean 1991ean.


EL GRAN VÁZQUEZ
EL GRAN VÁZQUEZ
Espainia
Zuzendaria: Óscar Aibar
Antzezleak: Santiago Segura, Mercè Llorens, Álex Angulo, Enrique Villén, Jesús Guzmán, Manolo Solo, Itziar Aizpuru, Albert Vidal, Pep Sais

Bartzelona, 60ko hamarkada. Udaberria da, eta Vázquezek bete-betean gozatzen du bizitza. Berak sortutako pertsonaiek –las Hermanas Gilda, Anacleto, la Familia Cebolleta eta abar– sekulako arrakasta dute Bruguera argitaletxeko komikien artean. Hori horrela izanik, komikigile espainiarrak nahi duen guztia egiten duen nahi duenean; ez du ezertxo ere ordaintzen, gatz handiarekin egiten die ihes zorrei, nagusiei iseka eta iruzur egiten die eta behin eta berriz ezkonduko da, sekulako familia osatu arte. Baina, halako batean, argitaletxeko kontuak eramaten dituen gizon ilun batek ipiniko dio neurriko zapata. Ez da lan erraza izango: margolari bikainaren ustean, bizitza jaia da; gonbidatuta ez egonagatik ere, sartu beharreko jaia, hain zuzen.


PA NEGRE (PAN NEGRO)
PA NEGRE (PAN NEGRO)

Espainia
Zuzendaria: Agustí Villaronga
Antzezleak: Francesc Colomer, Marina Comas, Nora Navas, Roger Casamajor, Laia Marull, Eduard Fernández, Sergi López.

Kataluniako landa inguruetan, gerra osteko urte latzetan, galtzaileen aldean dagoen Andreu haurrak aita-semeak aurkituko ditu hilik basoan. Agintariek haurraren aitari egotzi nahiko diote aita-semeen heriotza, baina haurra, aitari laguntzeko, nork hil zituen jakiten saiatuko da. Ibilbide horretan, Andreuri kontzientzia morala sortuko zaio gezurrez jositako helduen munduaren aurrean. Bizirik irauteko, bere sustraiei traizio egingo die, eta halaxe ezagutuko du barruan duen munstroa. Agustí Villaronga zuzendariak lehendik ere hartu du parte Donostia Zinemaldian Tras el Cristal (Zabaltegi-Zuzendari Berriak, 1986) eta Aro Tolbukhin (Sail Ofiziala, 2002) filmekin.

 

Donostia, 2010eko uztailaren 23a

67. Donostiako Zinemaldia

Datozen filmak

Hil Kanpaiak (J.B.G.A.)
Ostirala, 2020, Abendua 4 - 19:00
Boturik gabe
Sentimental
Ostirala, 2020, Abendua 18 - 19:00
Boturik gabe

Emanaldien historikoa

Boturik gabe
Boturik gabe
Zure botua: Ezer ez Batez bestekoa: 5 (Boto 1)
Boturik gabe
Zure botua: Ezer ez Batez bestekoa: 5 (Boto 1)

Hizkuntzak