Hamazazpi herrialdetako hamabost filmek parte hartuko dute Zabaltegi – Zuzendari Berriak sailean

90.000 euroko Kutxa-Zuzendari Berriak saria irabazteko lehiatuko dira
Elena Trapé zuzendariaren 'Blog' eta Mikel Ruedaren 'Izarren Argia' dira sailean parte hartuko duten film espainiarrak

Hamazazpi herrialdetako hamabost filmek parte hartuko dute Donostia Zinemaldiaren 58. edizioko Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean. Kutxa-Zuzendari Berriak saria irabazteko lehiatuko dira, dagoeneko iragarri ditugun Sail Ofizialeko beste bi lanekin batera: José María de Orbe zuzendariaren Aita eta Victoria Galardiren Cerro Bayo.

Donostia Zinemaldiak talentu berrien aldeko apustua egiten jarraitzen du. Kutxa-Zuzendari Berriak saria irabazten duen filmak 90.000 euro jasoko ditu zuzendariaren eta Espainiako inportatzailearen artean banatzeko. Sari hau munduko garrantzitsuenetakoa da bere kategorian, eta lehenengo edo bigarren filma aurkezten duten zuzendariei ematen zaie, betiere, nazioarteko beste lehiaketaren batean parte hartu ez badute. Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean aurkezturiko lanez gain, Kutxa-Zuzendari Berriak saria lortzeko lehiaketan zuzendariaren lehenengo edo bigarren filma diren Sail Ofizialeko lanek parte hartzen dute.

Zabaltegi-Zuzendari Berriak ataleko hamabost izenburuen artean, Europa Ekialdean indarra hartzen ari diren zinemagileen (Errumania, Bulgaria, Polonia), Europa mendebaldekoen (Holanda, Danimarka, Belgika, Alemania eta Frantzia) eta Latinoamerikarren (Uruguai, Chile, Kolonbia, Panama, Guatemala y Mexiko) ordezkaritza garrantzitsua egongo da, eta gainera,Txinako eta AEBetako ekoizpenak ere izango ditugu. Bestalde, Espainiako bi film ere badaude; Elena Trapé zuzendariaren Blog eta Mikel Rueda zuzendari euskaldunaren Izarren Argia.

Zuzendarietatik bik, Federico Veirojek etaJulio Hernández Cordónek, parte hartu zuten jada Donostia Zinemaldian: Veirojen opera prima Acné Horizontes Latinos sailean izan zen 2008an eta La vida útil, aurten aurkeztuko duen lanak, Industriaren Zinema Eraikitzen saria eskuratu zuen 2009an; sari horixe bera jaso zuen 2007an Gasolina bere aurreko lanarekin aurten Las marimbas del infierno filma aurkeztuko duenJulio Hernández Cordón zuzendari guatemalarrak.

Donostia Zinemaldiak hainbat eta hainbat zuzendari eman ditu ezagutzera azken hogei urteetan Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailaren bitartez. Horietako askok ibilbide oparoa izan dute ondoren eta batzuen lanak lehiaketaren Sail Ofizialean eta mundu osoko zinema jaialdirik prestigiotsuenetan parte hartzera iritsi dira. Beren lehenengo edo bigarren lanarekin Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean parte hartu zuten zuzendarietako batzuk gaur egungo zinemaren ezinbesteko egile bilakatu dira. Hona hemen horietako batzuen zerrenda: Olivier Assayas (Desordre, 1986), Alejandro Agresti (El amor es una mujer gorda, 1987), Isabel Coixet (Demasiado viejo para morir joven, 1988), Nicole Garcia (Un weekend sur deux, 1990), Tsai Ming Liang (Rebels of the Neon God, 1993), Walter Salles (Terra Estrangeira, 1995), François Ozon (Regarde la mer, 1997), Cesc Gay (Hotel Room, 1998), Simon Staho (Vildspor, 1998), Laurent Cantet (Ressources humaines, 1999), Jonathan Glazer (Sexy Beast, 2000), György Palfi (Hukkle, 2002), Xavier Giannoli (Les corps impatients, 2003), Lee Daniels (Shadowboxer, 2005), Victoria Galardi eta Martín Carranza (Amorosa Soledad, 2008), besteak beste.

 

ZABALTEGI – ZUZENDARI BERRIAK


BEATIFUL BOYBEATIFUL BOY
AEB
Zuzendaria: Shawn Ku
Antzezleak: Maria Bello, Michael Sheen, Alan Tudyk, Moon Bloodgood, Austin Nichols, Kyle Gallner, Meat Loaf Aday

Beautiful Boy filmak kolokan dagoen bikote batez eta jasotzen duten albiste gogorraz hitz egiten digu: beren 18 urteko semeak unibertsitatean tiroketa masiboa gauzatu ondoren bere buruaz beste egin du. Tragediaren bitartez, bikoteak atsekabeari aurre egin beharko dio, eta ondorioz, zentzua bilatuko diote berriz beren bizitzari eta bien arteko harremanari. Opera prima.


BLOGBLOG
Espainia
Zuzendaria: Elena Trapé
Antzezleak: Candela Antón, Anna Castillo, Lola Errando, Sara Gómez, Lidia Torrent, Irene Trullen, Alada Vila

Blog nerabe talde bati buruzko istorio harrigarria da. Taldea osatzen duten 15 urteko neskak klase ertain-altukoak dira, heziketa ona jaso dute, eta azkarrak, sentikorrak eta kontzienteak dira. Plan ezkutu bat dute, ordea, haientzat helmuga nagusi eta egia unibertsala den helburua lortzeko: emozio gogorrak bizitzeko beharra dute, gainerakoengandik bereizteko. Opera prima.


CHRZEST (BATAIOA)CHRZEST (BATAIOA)
Polonia
Zuzendaria: Marcin Wrona
Antzezleak: Tomasz Schuchardt, Wojciech Zieliski, Natalia Rybicka, Adam Woronowicz, Michał Koterski, Paweł Tomaszewski

Gidoia hein handi batean Poloniako herri batetik etorritako gizon baten egiazko istorioan oinarrituta dago. Gizona, bere herrian kriminal gisa jardun ondoren, Varsoviara iritsiko da. Bere zortea aldatzeko eta atzean utzi duen iragan kriminalari alde egin ahal izateko esperantza du. Tamalez, mafiak sententzia du haren aurka. Michal etsi-etsian saiatuko da bere familia salbatzeko bide bat bilatzen. Bere haurtxoaren bataioa baino egun batzuk lehenago, bere lagun zaharra gonbidatuko du haren aitabitxia izan dadin. My Flesh My Blood filmaren zuzendariaren bigarren lana.


LOS COLORES DE LA MONTAÑALOS COLORES DE LA MONTAÑA
Kolonbia – Panama
Zuzendaria: Carlos César Arbeláez
Antzezleak: Hernán Mauricio Ocampo, Nolberto Sánchez, Genaro Aristizábal, Hernán Méndez, Natalia Cuellar

Manuelek bederatzi urte ditu eta pilota zahar batekin jolasten da futbolean egunero. Atezain ospetsua izatea da bere ametsa. Aitak, Ernestok, pilota berria oparitzen dion egunean ametsa egia bihurtu zaiola irudituko zaio. Baina, ustekabeko istripu baten ondorioz, pilota minaz beteriko zelai batera eroriko da. Arriskutsua dela badaki ere, Manuelek pilota berreskuratzea erabakiko du eta bere lagunik onenak, Julian eta Poca Luz, konbentzituko ditu elkarrekin haren bila joateko. Haurren jolasen eta abenturen artean, gatazka armatu baten zantzuak agertuko dira La Pradera auzuneko biztanleen bizitzan. Opera prima.


IZARREN ARGIA IZARREN ARGIA
Espainia
Zuzendaria: Mikel Rueda
Antzezleak: Barbara Goenaga, Itziar Lazkano, Klara Badiola, Estíbaliz Gabilondo

Izarren argia filmak Victoriaren istorioa kontatzen du. Victoriari, beste emakume askori bezala, Gerra Zibilean ez zioten askatasuna bakarrik kendu; ama batek duen kutunena ere kendu zioten: semea. Horrelako zerbaiten aurrean aukera bi baino ez daude: itxaropena izan edo betirako galdu.


LUCÍALUCÍA
Txile
Zuzendaria: Niles Atallah
Antzezleak: Gabriela Aguilera, Gregory Cohen, Eduardo Barril, Esperanza Silva, Francisca Bernardi, Andres Kalawski, Julia Cintolesi, Martin Kalawski, Cristina Gomez

Lucíak jostun gisa lan egiten du fabrika batean eta aitarekin bizi da, Santiago hiriburuko etxe zahar batean. Filma 2006ko abenduan kokatzen da, Pinochet diktadore ohiaren hiletatik Eguberriak arteko denboran. Lucíaren eguneroko bizitza ikusiz diktadura militar baten ondorioz beren bizitzak berreskuratzeko borrokan egingo duen txiletar belaunaldi horren unibertso ahantzian sartuko dira ikusleak. Opera prima.


MARIEKE, MARIEKEMARIEKE, MARIEKE
Belgika – Alemania
Zuzendaria: Sophie Schoukens
Antzezleak: Hand Kodja, Jan Declier, Barbara Sarafian, Caroline Berliner

Mariekek bere bizitza bizi nahi du. Baina, nola lortuko du bere helburua maitasuna kendu badiote? Berotasuna bilatuko du bera baino askoz ere helduagoak diren gizonen besoetan, horrela indarra bildu eta iraganari aurre egiteko, eta azkenean, bere buruaren jabe izateko. Opera prima.


LAS MARIMBAS DEL INFIERNOLAS MARIMBAS DEL INFIERNO
Guatemala – Frantzia – Mexiko
Zuzendaria: Julio Hernández Cordón

Don Alfonsok marinba jotzen du, Guatemalako musika-tresna tradizionala, baina badaki inor gutxik duela interesik bere instrumentu zaharrean. Blacko aitzindaria da Guatemalako heavy metal musikaren munduan. Gainera, medikua da ospitale publikoan, baina inork ez du nahi Blacko bere medikua izaterik, bere estilo gogorra dela-eta. Don Alfonsok eta Blackok elkar ezagutu ondoren beren talentuak batu eta Marimbas del infierno (Infernuko marinbak) proiektu berria sortzea erabakiko dute, baina ezin dute imajinatu ere egin nolako erreakzioak sortuko dituen beren lanak... 2007ko Donostia Zinemaldian Industriaren Zinema Eraikitzen saria jaso zuen Gasolina filmaren zuzendari berarena.


PODSLON (SHELTER)PODSLON (SHELTER)
Bulgaria
Zuzendaria: Dragomir Sholev
Antzezleak: Cvetan Daskalov, Yanina Kasheva, Kaloyan Siriiski, Irena Hristoskova, Silvia Gerina

Hamabi urteko Rado, Stoychev waterpolo entrenatzailearen semea, ia punk bat da bere adinarekin. Stoychev jaunak aita ona izan dela uste du eta ezin du ulertu zergatik nahi duen semeak etxetik alde egin kalean topatu dituen lehenengo punkyekin. Opera prima.


PRINCIPII DE VIATA (PRINCI PLES OF LIFE)PRINCIPII DE VIATA (PRINCI PLES OF LIFE)
Errumania
Zuzendaria: Constantin Popescu
Antzezleak: Vlad Ivanov, Gabriel Huian, Rodica Lazar

Velicanuk pertsona bete eta zoriontsutzat du bere burua. Dirua du, etxe berri bat, bigarren aldiz ezkondu da emakume gazte batekin eta haurtxo bat du harekin; gainera, beste seme bat du bere lehenengo emaztearekin. Oporrak iritsi dira eta gizonak ongi antolatuta utzi behar ditu bere negozioak alde egin baino lehen. Baina gauzak korapilatu egingo dira eta krisian murgilduko da Velicanu; ondorioz, benetan zoriontsu eta beteta dagoen galdetuko dio bere buruari. 2010ean Berlingo zinema jaialdiko Forum sailean parte hartu zuen Portrait of the Fighter as a Young Man film luzearen zuzendariaren bigarren lana.


SCHEMER (DUSK)SCHEMER (DUSK)
Holanda
Zuzendaria: Hanro Smitsman
Antzezleak: Gaite Cansen, Mathijs van de Sande Bakhuyzen, Roos Netjes, Melody Klaver, Robert de Hoog, Gerson Oratmangoen

Herri arrunt bateko, eskola arrunt batean, nerabe talde arrunt batek batere arrunta ez den gorrotoa hartuko dio beren adinkide bati. Dusk nerabe taldeari egiten ari zaizkion izaera azterketaren izena da; haren bitartez taldearen jokabide ulertezinari azalpen bat bilatu nahi diote. Skin filmaren zuzendariaren bigarren lana da hau.


SINGLE MANSINGLE MAN
Txina
Zuzendaria: Hao Jie
Antzezleak: Yang Zhenjun, Du Tianguang, Liang Youzhong, Liang Chunying          

Beijingetik 150 km-ra dagoen Gu Jia Gou herrian gizonak emakumeak baino askoz ere gehiago dira. Batzuek Sichuan probintzia urrunean erosten dute emaztea. Beste batzuk mutilzahar geratzen dira, esamesetan eta kexuan aritzen dira, baina bizitza sexuala izateko moldatzen dira. Lao Yang oraindik maiteminduta dago gaztetan ezkontzea debekatu zioten neskarekin; neska dagoeneko emakume heldua izan arren, eta herriko agintariarekin ezkonduta badago ere, oraindik elkar ikusten dute ezkutuan. Baina Lao Yangek gehiago nahi du... Hao Jieren lehenengo film honek landaguneko bizitzaren ikuspegi umoretsua eskaintzen digu eta aktore ez profesionalek eginikoa da. Opera prima zuzendari gisa.


 

SMUKKE MENNESKER (NOTHING’S ALL BAD) SMUKKE MENNESKER (NOTHING’S ALL BAD)
Danimarka
Zuzendaria: Mikkel Munch-Fals
Antzezleak: Bodil Jørgensen, Henrik Prip, Mille Hoffmeyer Lehfeldt, Sebastian Jessen, Stine Fischer Christensen, Martin Buch

Smukke Mennesker-ek guztiz pozik ez dauden lau pertsonaren bizitzak jarraituko ditu. Ingeborg ez da erakargarri sentitzen eta Jonas gaztea hain da erakargarria bere bertuteetakoren bat saltzera ere irits daitekeela. Anna, emakume gazte eta ederra da, baina minusbaliotasun fisiko bat du, eta Anders, gizon maitekorra da, baina bere minusbaliotasuna psikologikoa da. Lau pertsona maitasun eske; lau pertsona etorkizun hobea noiz etorriko zain. Opera prima.


LA TÊTE AILLEURSLA TÊTE AILLEURS
Frantzia
Zuzendaria: Frédéric Pelle
Antzezleak: Nicolas Abraham, Jade Phan-Gia, Jean-François Gallotte, Anaïs Demoustier, Jean-Claude Lecas, Patrick Vo, Melanie Leray

Patrick Perrin karta-banatzailea da kostaldeko kasino batean. Amets bakarra du: alde egitea, bere bizitza atzean utzi eta helmuga ezezagun batera joatea. Baina horrelako bidaia bat ezin da egun batetik bestera antolatu. Hasteko, maleta bat erosiko du Patrickek, gorria eta ederra, gurpil eta guzti. Maleta ohearen ondoan utzita, egiteko geratzen zaion gauza bakarra hura bete eta helmuga bat aukeratzea izango da. Opera prima.


LA VIDA ÚTILLA VIDA ÚTIL
Uruguai – Espainia
Zuzendaria: Federico Veiroj
Antzezleak: Jorge Jellinek, Manuel Martínez Carril, Paola Venditto

Jorge (45) gurasoekin bizi da eta zinemateka batean egiten du lan duela 25 urte. Lan teknikoak egiten ditu bertan, programatzen ere ibiltzen da eta zinemari buruzko irratsaio bat dauka. Zinematekaren egoera gero eta zailagoa da eta zinemaren mundutik kanpo inoiz lan egin ez duen Jorge, lanik gabe geratuko da.Mundu berriari egokitzeko Jorgek bere izaera nola aldatuko duen kontatuko digu La vida útil filmak. Baliteke, azkenean, zinemak bizirauteko balio izatea. La vida útil lanak Industriaren Zinema Eraikitzen saria irabazi zuen 2009an eta zuzendariaren lehen lanak, Acne, Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian parte hartu zuen, baita Donostiako Horizontes Latinos sailean ere, 2008an.

67. Donostiako Zinemaldia

Datozen filmak

Hil Kanpaiak (J.B.G.A.)
Ostirala, 2020, Abendua 4 - 19:00
Boturik gabe
Sentimental
Ostirala, 2020, Abendua 18 - 19:00
Boturik gabe

Emanaldien historikoa

Boturik gabe
Boturik gabe
Zure botua: Ezer ez Batez bestekoa: 5 (Boto 1)
Boturik gabe
Zure botua: Ezer ez Batez bestekoa: 5 (Boto 1)

Hizkuntzak