Hogei film emango dituzte Donostia Zinemaldiaren ''Itzal digitalak: azken belaunaldiko Txinako zinema'' zikloan

Txinako zinemagile garaikide sonatuek zuzendutako hamazortzi film luze eta bi labur emango dituzte

Donostia Zinemaldiaren 59. edizioak eta San Telmo museoak «Itzal digitalak: azken belaunaldiko Txinako zinema» izeneko zikloa antolatu dute. Kataluniako Filmotekak ere parte hartu du zikloa antolatzen.

Orotara, 2000-2010 aldian euskarri digitalean grabatutako hogei film emango dituzte. Azken belaunaldian agertutako zinemagile txinatarrik interesgarrienak ezagutarazteko modua izango da, eta, zikloaren bitartez, Txinako gizartean zer-nolako aldaketak gertatzen ari diren erakutsiko du Donostia Zinemaldiak, era guztietako formatuak eta kontakizunak aztertzen dituen zinemagintza independentea baliatuta.

Zikloa Bérénice Reynaud-ek, zinema txinatarrean aditua eta zikloko komisariak, aurkeztuko du, eta Liu Jiayin eta Zhu Wen zinema zuzendariak bertan izango dira.

ZIKLOKO FILMAK

Film luzeak


CHOUJUE DENGCHANG / ENTER THE CLOWNS (2001), Cui Zi’en
Beijingeko Zinema Akademiako Cui Zi'en irakasleak desio homosexualarekin lotuta egindako esketx-sorta. Cui Zi'en, halaber, eleberrigile, saiakeragile, homosexualen eskubideen defendatzaile, probokatzaile eta underground mugimenduko enfant terrible ere bada, eta Txinako gay arloko zinemagintza berriari ateak ireki zizkion.
 

REN XIAO YAO / UNKNOWN PLEASURES (2002), Jia Zhangke
Jia Zhangke zinemagileak Datong hiriko industria osteko paisaia suntsitua filmatu zuen, gazte-talde kontentagaitz batek inguruarekin zapuztuta egoteko zer modu dituen erakusteko: Bin Bin eta bere lagunik onena, Xiao Ji, itxaropenik gabeko etorkizunerantz joango dira motorrean. FIPRESCI saria Singapurreko zinema-jaialdian.
 

CAO TA MA DIANYING / FUCK CINEMA (2005), Wu Wenguang
Film honek zinematografiaren industrian boterea dutenen eta betiereko zokoratuen arteko desoreka aztertzen du modu mikatzean, dokumentalaren eta fikzioaren arteko fusioa baliatuta. Txinako Dokumentalgintza Berriaren fundatzaile eta lider espiritualetako baten eskutik: Wu Wenguang.
 

FENG KUANG DE SHI TOU / CRAZY STONE (2006), Ning Hao
Txinan diru ugari bildu zuen film honek made in China tankerako komedia mota berria abiarazi zuen. Filmak poliziakide ohi baten gorabeherak kontatzen ditu. Porrot egiteko zorian dagoen lantegi bateko segurtasun-buru bilakatuko da, eta mundu guztiak eskuratu nahi duen bitxi baliotsu bat zaindu beharko du.
 

MEISHI JIE / MEISHI STREET (2006), Ou Ning
Olinpiar Jokoak direla eta, gobernuaren chaiqian politikak (eraitsi eta lekuz aldatu) eta Beijing hiria berritzeko erabakia hartutako enpresek egindako triskantzen berri ematen duen dokumentu ahaltsua, lekuz aldatu nahi ez zuen jatetxe-jabe baten lekukotzaren arabera.
 

LING YIBAN / THE OTHER HALF (2006), Ying Liang
Dokumental eta fikzio nahasketa eraginkor –eta sarritan umoristiko– hau narrazio zatikatu gisa dago antolatuta, Sichuan probintziako Zigong hirian gertatutako istripu industrial baten testuinguruan filmatutako irudi hunkigarrien bidez. Tokioko, Jeonjuko eta Singapurreko zinema-jaialdietan saritua.
 

 XUE CHAN / LITTLE MOTH (2007), Peng Tao
Peng Tao hasiberriak Bai Tianguang idazlearen Xue Chan eleberria egokitu zuen. Ondoren, asteak eman zituen Hubei probintziako mendietan aktore ez-profesionalak topatzen, eskale profesionalen bizimodua erakusteko intentzioz, guztiak ere boto-eskubiderik gabeak eta gizarte-eskalako mailarik baxuenekoak.
 

LAO AN / THE LOVE OF MR. AN (2007), Yang Lina
Yang Lina aktore ohiak Txinako Herri Askapen Armadaren arte-akademian ikasi zuen, eta bizitzan pasio handi bat duen 89 urteko gizon pekindar baten bizitza erromantikoa kontatzen du: Xiao Wei 50 urteko emakumea eta biak areto-dantzetan aritzea. An jaunari kamerarekin bazter guztietara jarraituko dio, eta bere konfidente bilakatuko da Yang Lina. Hala, poliki-poliki, bi dantza-kideen inplikazio emozionala agertu eta probatuko du.
 

ZHALAI NUR / JALAINUR (2008), Zhao Ye
Jalainur meatzea ehun urtez irekita egon da (mongolieraz «ozeano baten tankerako lakua» esan nahi du), baina orain meazuloa ia hutsik dago; horrenbestez, kaleratu egingo dituztela kontzientzia hartzen ari dira bertako langileak. Zhao Ye animazio-zuzendariak benetako irudiekin egindako bigarren film luzea. Pusango zinema-jaialdian FIPRESCI saria eskuratu zuen, baita Shanghaiko zinema-jaialdiko talentu berriaren saria ere.
 

WANMEI SHENHUO / PERFECT LIFE (2008), Emily Tang
Perfect Life dokumentalaren eta fikzioaren arteko hibridoa da, izenburu ironikoduna, eta Txinan emakumezko izatearen deskribapen intimoa egiten du. Kontakizunak bi emakume izango ditu ardatz: Txina ipar-mendebaldeko hezkuntzarik gabeko emakume bat, eta gizon hongkongdar batengandik dibortziatutako beste emakume bat. Vancouverreko zinema-jaialdian saritu zuten.
 

YISI ERBA / 1428 (2009), Du Haibin
2008ko maiatzaren 12an, 14:28ean, Sichuango lurrikarak 69.000 lagun hil zituen, eta hamabost milioi pertsona etxerik gabe geratu ziren. Du Haibin zuzendaria epizentrora iritsi zen, boluntario gisa lan egitera. Maileguan hartutako zinema-ekipo batekin, Beichuan aldera joan zen; seismoak gehien astindutako hirira, alegia. Eta dokumental hau grabatu zuen. Veneziako zinema-jaialdiaren Orizzonti saileko dokumentalik onenaren saria.
 

XIANSHI SHI GUOQU DE WEILAI / DISORDER (2009), Huang Weikai
Antzinako «hirien sinfonien» ildo beretik –baina hainbat kapa dituen soinu-banda konplexuaren interes erantsiarekin–, Huang Weikai zuzendariak film luze dokumental honen bitartez esperimentu originala egin du; hiri-ehundurak pantailara nola eraman, alegia. Huanek, Guangzhou bere jaioterrian bideozale talde batek filmatutako mila metraje-ordu baino gehiago bildu zituen. Ann Arborreko zinema-jaialdiko dokumental onenaren saria.
 

NIUPI ER / OXHIDE II (2009), Liu Jiayin
2004an, 23 urte zituela eta artean Beijingeko zinema-akademiako ikasle zela, Liu Jiayin zuzendariak Oxhide lanarekin ahoa bete hortz utzi zituen guztiak; mini DV formatuan errodatutako filmarekin, hain zuzen. Oxhide II lanak ildo horri jarraitzen dio: Liuk eta bere aita-amek parte hartzen dute film honetan; bere belaunaldiko zuzendari originaletako batek erabat planifikatutako fikzio-filma.
 

XUNZHAO ZHIMEI GENGDENG / THE SEARCH (2009), Pema Tseden
Zinema-zuzendari batek opera tibetar klasiko bat filmatu nahi du, baina, desagertzear dagoen artea izanik, rolak abesteko gauza diren interpreteak topatzea da erronka. Txinako Herri Errepublikan hazitako Amdo herri tibetarraren nortasun kulturalari buruzko poema bisuala. Shanghaiko nazioarteko zinema-jaialdian epaimahaiaren sari nagusia eskuratu zuen.
 

JIABIANGOU / THE DITCH (2010), Wang Bing
Txinako Alderdi Komunistak eskuindar gisa etiketatutako pertsonek zer-nolako zailtasun ekonomikoak eta zoriak izan zituzten ikertzen du, funtsean Ehun Loreen kanpainaren garaian iritzia eman izanagatik. Wang Bing dokumentalgile prestigiotsuaren lehen kontakizun-filma.
 

XUN HUAN ZUO LE / THE HIGH LIFE (2010), Zhao Dayong
Behe-mailako bizimoduaren azterketa, esne-mamitan bizitzearekin amets egiten duten pertsonaien bitartez. Arku dramatiko ñimiñoak egiten dituen film honek, azkenean, Guangzhou hiriaren deskribapen ezohikoa emango digu. FIPRESCI eta Silver Digital sariak eskuratu zituen Hong Kongeko nazioarteko zinema-jaialdian.
 

XIAO DONGXI / THOMAS MAO (2010), Zhu Wen
Zhu Wen eleberrigileak kontakizun dibertigarria, surrealista eta ironikoa egiten du, ekialdeak mendebaldearekin bat egiten duenekoa… Edo ez? Thomas Barne Mongoliako belardietan txangoa egiten ari da, eta Mao ostalari miserableak emango dio ostatu.
 

HANJIA / WINTER VACATION (2010), Li Hongqi
Barne Mongoliako geldotasuna absurduaren poesiarekin nahastuko da. Neguko oporrak iritsi dira iparraldeko herrixka goibel batera, eta haurrek ez dute ezertxo ere egiteko; bien bitartean, helduak apatian bizi dira. Film honek Jim Jarmusch, Aki Kaurismäki edota Samuel Beckett egileen umore lehorra eta elkarrizketa lakonikoak gogorarazten dizkigu. Urrezko Lehoinabarra eskuratu zuen Locarnoko nazioarteko zinema-jaialdian.
 


Film laburrak


GONG GONG CHANG SUO / IN PUBLIC (2001), Jia Zhangke
Jeonjuko nazioarteko zinema-jaialdiak ekoitzitako film labur dokumental hau (Unknown Pleasures egiteko inspirazio-iturri izan zen) 45 egunean errodatutako 30 sekuentzia-planok osatzen dute. Ibiltari anonimoak, bidaiariak eta Datong meatze-herrixkako trenbideko langileak ageri dira. Marseillako nazioarteko dokumental-jaialdiko sari nagusia eskuratu zuen.
 

WEIWEN / CONDOLENCES (2009), Ying Liang
Ying Liang autobus-istripu ikaragarri baten lekuko izan zen 2004an. Egunkari guztietako lehen orriak bete zituen istripu horrek. Probasaioak egiteko eta obra filmatzeko 48 ordu nahikoa izan ziren; hildakoei egindako monumentua, baita zirku mediatikoan harrapatuta bizirik atera zirenen ezin adierazizko tristura isilari egindako omenaldia ere.

71. Donostiako Zinemaldia

Emanaldien historikoa

Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe

Hizkuntzak