John Sayles, Naomi Kawase, Bent Hamer, Raúl Ruiz eta Peter Mullan Sail Ofizialean

Victoria Galardi eta Daoud Aoulad-Syad zinemagileen azken lanak ere Donostian lehiatuko dira.

Naomi Kawase, Ben Hamer, Peter Mullan eta Victoria Galardi zuzendariak lehendabizikoz lehiatuko dira Donostia Zinemaldian Urrezko Maskorra lortzearren, aldiz, John Sayles, Raúl Ruiz eta Daoud Aoulad-Syad berriz ere ariko dira lehian.

Naomi Kawase japoniarrak Genpin aurkeztuko du. Kawasek Canneseko Urrezko Kamera lortu zuen Moe no Suzako (1997) lanari esker eta 2007an, Cannesen, Epaimahaiaren Sari Berezia jasotzen lehendabiziko emakumea izan zen Mogari no More filmarengatik.

Peter Mullan zuzendari, gidoilari eta aktore britainiarra Neds, zuzendari gisa bere hirugarren filmarekin izango da lehian Donostian. Orphans, zuzendari bezala bere lehenengo luzemetraia, Venezia, Paris edo Gijoneko zinemaldietan saritua izan zen. Bere aurreko lanak, The Magdalene Sisters, bere bigarrengo filmak, 2002ko Veneziako Mostran Urrezko Lehoia irabazi zuen.

Bestalde, Raúl Ruiz, zinemagile beterano eta ospetsua, Donostiara itzuliko da Mistérios de Lisboa lana aurkeztera. Raul Ruizek nazioarteko zinemaldi garrantzitsu eta entzutetsuenetan parte hartu du: Donostian, 1994an Fado maior e menor filmarekin, lau aldiz Cannesen eta 2007an Berlineko zinemaldian karrera osoari Urrezko Hartza eman zioten.

Bent Hamer norvegiarrak ere lehiaketan parte hartuko du, 1995ean Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian, bere “opera prima” den Eggs aurkeztu zuena. Geroago, Salmer Fra Kjøkkset / Kitchen Stories filmarekin, nazioartean arrakasta eta 2003ko Seminciko Urrezko Galburua lortu ondoren Cannesko Un Certain Regard sailean parte hartu zuen 2007an. Bent Hamerrek Factotum aurkeztu zuen Zabaltegi Bereziak sailean 2006an eta “Sukar izoztua” atzerabegirakoan egon zireneko zuzendarietako bat izan zen. Home for Christmas lanarekin parte hartuko du Donostian.

John Saylesi atzera begirakoa eskaini zion Zinemaldiak 1994an eta orain Donostiara itzuliko da Amigo aurkeztera. Laugarren aldiz lehiatuko da John Sayles Donostian, Men of War, Silver City eta Honeydripper aurkeztu ditu-eta lehenago. Azken horrekin 2007ko gidoi onenaren saria jaso zuen (Siete mesas de billar francés filmarekin batera).

Daoud Aoulad-Syad marokoarra, 2004an Tarfaya filmarekin Donostian izan eta gero, La Mosquée, bere bosgarren filmarekin lehiatuko da. Filmaren ekoizlea Abderrahmane Sissako zinemagilea da, besteak beste, Waiting for Happiness (2002) Canneseko Un Certain Regard-en parte hartu eta Fipresci saria irabazi zuena eta Bamako (2006) Donostia Zinemaldiko Zabaltegi Perlak sailean parte hartu zuen filmen ekoizlea hain zuzen ere.

Argentinaren ordezkari gisa Victoria Galardiren bigarren lana izango dugu, Cerro Bayo, Kutxa-Zuzendari Berriak sarirako hautagaia ere izango dena. Amorosa Soledad, Martín Carranzarekin batera zuzendutako lanak, Zinema Eraikitzen 13 ekimenean parte hartu zuen eta 2008an Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean lehiatu zen. Bertan Gazteriaren saria lortu zuen.

Film horiei gehitu behar zaizkie joan den astean jakitera emandako Espainiako lau filmak. Datozen egunetan jakinaraziko dira Zinemaldiaren Sail Ofiziala osatuko duten gainerako filmak. 

SAIL OFIZIALA


AITA AITA
Espainia
Zuzendaria: José María de Orbe
Antzezleak: Luis Pescador, Mikel Goenaga

Inor bizi ez den etxe zahar bat, etxeko zaindaria, herriko apaiza, espazioak, soinuak, argi-itzalak, denboraren joana. Etxeko zirrikitu ezkutuenetan istorio intimoak bezain kolektiboak ageri dira. Zinema filmaren fikzioaren barruan fantasma bilakatuko da. Kutxa-Zuzendari Berriak sarirako hautagaia.


AITA AMIGO
AEB-Filipinak
Zuzendaria: John Sayles
Antzezleak: Joel Torre, Garret Dillahunt, Chris Cooper, DJ Qualls, Rio Locsin, Ronnie Lazaro,  Bembol Roco, Jemi Paratas

Amigo filmak Rafael Dacanay du protagonista, Filipinetako Luzon uharteko inguru arrozgileko San Isidro auzoko burua, hain zuzen. Bere anaia Simón herriko gerrillako burua da, eta Espainiako Guardia Zibilari frontetik erretiratzeko eskatu dio. Hala, Rafaeli aginduko dio soldadu taldearen kapitaina eta Aita Hidalgo fraide espainiarra espetxeratzeko, gobernu iraultzailearen izenean. Baina Aguinaldo jeneralaren atzetik zihoazen AEBetako tropak iristean, ofizial espainiarra eta Hidalgo Aita askatu egingo dituzte, eta Ike Compton tenientearen agindupean dagoen soldatu taldea San Isidron geratuko da, auzoa «babesteko». Estatu Batuetako okupazio politikak «bihotz-buruetatik» «kontzentraziora» egin du bilakaera (hamletting deitu zioten bilakabide horri Vietnameko gerra garaian), eta Rafaelek amerikarren aurrean ez ezik, abertzale filipinarren aurrean ere erantzun beharko du, eta horrek, ondorio izugarriak ekarriko ditu.


AITA CERRO BAYO
Argentina
Zuzendaria: Victoria Galardi
Antzezleak: Adriana Barraza, Inés Efron, Verónica Llinás, Nahuel Pérez Biscayart, Guillermo Arengo.

Eskiatzeko sasoia hurbil dago Patagoniako Cerro Bayoren magalean kokatutako herri batean, baina bertako bizimodu lasaia nahasi egingo da Juana Keller, familia bitxi bateko matriarka, bere buruaz beste egiten saiatu ondoren. Koman dagoen bitartean, bere alaba, suhi eta biloben bizitzak zeharo aldatuko dira eta bakoitzaren alderdi onenak eta txarrenak agerian jarriko dira. Amorosa Soledad, Galardik Martín Carranzarekin batera zuzendu zuen aurreko lanak, Zinema Eraikitzen 13 ekimenean parte hartu zuen, 2008ko Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean lehian izan zen eta Gazteriaren sariaren irabazle izendatu zuten. Kutxa-Zuzendari Berriak sarirako hautagaia da.


AITA ELISA K
Espainia
Zuzendaria: Judith Colell eta Jordi Cadena
Antzezleak: Aina Clotet, Clàudia Pons, Lydia Zimmermann, Hans Richter, Jordi Gràcia, Pep Sais, Ramon Madaula, Mari Pau Pigem, Nausicaa Bonnin

Elisak hamaika urte egingo ditu udan, eta lazo urdinak dituen soineko zuri berria gustuko du.
Baina gutxi falta da guztiak garrantzia izateari uzteko. Bere aitaren lagunak negar eragin dio, eta hara zer esango dion ondoren: «Negar egiteari uzten badiozu, zilarrezko eskumuturrekoa oparituko dizut».
Inortxo ere ez da jabetu zer gertatu den. Elisa harrituta antzean dago, baina besterik ez. Hamalau urte, lau hilabete eta hainbat egun igarotakoan, ordea, amari deituko dio izututa: «Lagundu! Sekulako gauza beldurgarria gogoratu dut». Judith Colell zuzendariaren hirugarren film luzea da; 2006an ere hartu zuen parte Zinemaldian 53 días de invierno filmarekin Zabaltegi-Zuzendari Berriak atalean. Jordi Cadena zuzendariak eta biak zuzendu duten lehen filma da. Cadenak Los Papeles de Aspern aurkeztu zuen Zinemaldiaren Sail Ofizialean 1991ean.


AITA GENPIN
Japonia
Zuzendaria: Naomi Kawase
Antzezleak: Tadashi Yoshimura

Genpin izenburuak Lao Tzu txinatar filosofoaren hitzak ditu oinarri: «Bailarako espiritua ez da inoiz hiltzen / Emakume misteriotsua izena du (genpin)».
Filmean, Yoshimura Tadashi tokologoak erditzearen eta heriotzaren arteko harremanari buruz hausnartuko du, eta behaketaren ondorioz konturatuko da, gizaki gisa, mediku gisa baino gehiago, heriotza ukatzea bizitza bera ukatzea dela. Mundu honetara jaio den bizitza, jaiotzaren unean amaitzen den bizitza, jaio aurretik amaitzen den bizitza. Bizitzak ez dira eteten bizitza isolatuak bailiran, luzatu egiten dira espeziearen bitartez, eta jarraitu egiten dute.
Japonian, urtaroen joan-etorriarekin, Naomi Kawase Yoshimura klinikan erditzear dauden emakumeen taldean sartuko da, baita 40 urtez erditze naturalaren arloan jardun den Yoshimura doktorearen munduan ere. Hortxe osatuko du, 16 mm-ko bere kamerarekin grabaturiko metrajea erabilita, film honen argumentua.


AITA EL GRAN VÁZQUEZ
Espainia
Zuzendaria: Óscar Aibar
Antzezleak: Santiago Segura, Mercè Llorens, Álex Angulo, Enrique Villén, Jesús Guzmán, Manolo Solo, Itziar Aizpuru, Albert Vidal, Pep Sais

Bartzelona, 60ko hamarkada. Udaberria da, eta Vázquezek bete-betean gozatzen du bizitza. Berak sortutako pertsonaiek –las Hermanas Gilda, Anacleto, la Familia Cebolleta eta abar– sekulako arrakasta dute Bruguera argitaletxeko komikien artean. Hori horrela izanik, komikigile espainiarrak nahi duen guztia egiten duen nahi duenean; ez du ezertxo ere ordaintzen, gatz handiarekin egiten die ihes zorrei, nagusiei iseka eta iruzur egiten die eta behin eta berriz ezkonduko da, sekulako familia osatu arte. Baina, halako batean, argitaletxeko kontuak eramaten dituen gizon ilun batek ipiniko dio neurriko zapata. Ez da lan erraza izango: margolari bikainaren ustean, bizitza jaia da; gonbidatuta ez egonagatik ere, sartu beharreko jaia, hain zuzen.


AITA HOME FOR CHRISTMAS
Norvegia-Suedia-Alemania
Zuzendaria: Bent Hamer
Antzezleak: Trond Fausa Aurvåg, Fridtjof Såheim, Nina Andresen Borud, Reidar Sørensen, Ingunn Beate Øyen, Joachim Calmeyer a.o.

Fikziozko Norvegiako Skogli herrian, pertsonaia talde baten bizitzak gurutzatu egingo dira hainbat istoriotan. Pertsonaiak adin eta gizarte klase askotakoak izango dira; umorea eta tragedia, samurtasuna eta etsipena tartekatuko dituzte, baina beti egongo dira barkatzeko eta itxaropena izateko prest. Istorioek bizikidetzaren gaia jorratzen dute hainbat alderditatik, eta maitasuna aztertzen dute, edozein adinetan eta fasetan dagoela ere, erditzetik heriotzara arte.
Home for Christmas gabon-kanta modernoa da eta Levi Henriksen idazle norvegiarraren Bare mjuke pakker under treet kontakizun laburren bilduman dago oinarrituta. 


AITA A JAMAÂ (MESKITA)
Maroko-Frantzia
Zuzendaria: Daoud Aoulad-Syad
Antzeleak: Abdelhadi Touhrach, Bouchra Hraich, Mustapha Tahah, Naceur Oujri, Salem Dabella

Nire azken filma Waiting for Pasolini filmatzeko, tokiko biztanleek lagatako lurretan eraiki genituen dekoratuak.
Dekoratuen artean, mezkita bat eraiki genuen Moharen lurretan eta jabea bera ere agertzen da filmean.
Filmaketaren amaieran, taldeak herritik alde egingo du.
Herriko biztanleek dekoratu guztiak deuseztatuko dituzte, mezkita izan ezik. Mezkita beetako errezatzeko gune bilakatu zen herritar guztientzat, eta, aldi berean, desastre bat Moharentzat.


AITA MISTÉRIOS DE LISBOA
Portugal
Zuzendaria: Raúl Ruiz
Antzezleak: Adriano Luz, Maria João Bastos, Ricardo Pereira, Clotilde Hesme, Léa Seydoux

«Hamalau urte nituen, eta oraindik ez nekien nor nintzen ere...»
Mistérios de Lisboa filmak abenturaz eta ihesaldiz, kointzidentziaz eta ustekabez, sentimendu eta pasio bortitzez, mendekuz eta amodiozko abenturez beteriko zurrunbiloan murgilduko gaitu, guztia Portugaletik Frantziara, Italiara eta Brasileraino eramango gaituen bidaia rapsodikoaren barruan.
Intrigaz eta nortasun ezkutuz jantzitako Lisboa honetan, pertsonaia multzo bat aurkituko dugu, modu batean edo bestean, umezurtz-etxe batean dagoen Pedro de Silvaren patuari lotuta dagoena. Aristokrata libertinoen leinu batetik datorren aita Dinis, azkenean, justiziaren heroi defendatzaile bilakatuko dena; jeloskortasunak erotuta, mendeku bila dabilen kondesa; negozio gizon arrakastatsu bat, isilpean pirata odolzale gisa aberastu zena; pertsonaia horien eta gehiagoren bizitzak elkarren artean gurutzatuko dira XIX. mendean kokaturiko istorio honetan, pertsonaia nagusiaren egiazko nortasunaren bila.


AITA NEDS
Erresuma Batua - Frantzia - Italia
Zuzendaria: Peter Mullan
Antzezleak: Steven Robertson, Martin Bell, Marcus Nash

Oraintxe jakingo duzu zer den NED madarikatu bat!
Glasgow, 1973. John McGill bigarren hezkuntzan sartzear dago. Mutiko azkarra da, sentikorra eta ikasteko gogo handia du, baina guztia kontran dauka. Bere familia oso behartsua da, eta aita benetan gorroto du, mozkorra eta zakarra baita. Irakasleak ere bere aurka ditu hasiera-hasieratik eta anaia zaharrena Bennyk eginiko «bekatuengatik» zigortzen dute. Ned taldeak, ingelesez Non Educated Delinquent edo heziketarik gabeko delinkuenteak esan nahi du. Mutil gaiztoak dira, armatuak eta harroputzak: droga merkeak, glam rocka, sexua, indarkeria eta adiskidetasuna. Bertako munstroak eta heroiak. Bennyren ospeak babesten du anaia. Beldurrez, saminez eta amorruz beterik, Johnek erabaki bat hartuko du. Inork ez badio aukerarik eman nahi, doazela guztiak pikutara! Kaleko bizitza basatian sartuko da. Amorruak eta frustrazioak gero eta urrunago eramango dute, hutsik dagoen horma baten aurrean bakarrik geratzen den arte. Ez dago etorkizunik. Eta orduan, askatzeko aukera ustekabeko eta zoragarri bat agertuko zaio aurrean. Zuzendariaren aurreko lanak, The Magdalene Sisters, 2002ko Veneziako Mostran Urrezko Lehoia irabazi zuen.


AITA PA NEGRE (PAN NEGRO)
Espainia
Zuzendaria: Agustí Villaronga
Antzezleak: Francesc Colomer, Marina Comas, Nora Navas, Roger Casamajor, Laia Marull, Eduard Fernández, Sergi López.

Kataluniako landa inguruetan, gerra osteko urte latzetan, galtzaileen aldean dagoen Andreu haurrak aita-semeak aurkituko ditu hilik basoan. Agintariek haurraren aitari egotzi nahiko diote aita-semeen heriotza, baina haurra, aitari laguntzeko, nork hil zituen jakiten saiatuko da. Ibilbide horretan, Andreuri kontzientzia morala sortuko zaio gezurrez jositako helduen munduaren aurrean. Bizirik irauteko, bere sustraiei traizio egingo die, eta halaxe ezagutuko du barruan duen munstroa. Agustí Villaronga zuzendariak lehendik ere hartu du parte Donostia Zinemaldian Tras el Cristal (Zabaltegi-Zuzendari Berriak, 1986) eta Aro Tolbukhin (Sail Ofiziala, 2002) filmekin.


67. Donostiako Zinemaldia

Datozen filmak

Hil Kanpaiak (J.B.G.A.)
Ostirala, 2020, Abendua 4 - 19:00
Boturik gabe
Sentimental
Ostirala, 2020, Abendua 18 - 19:00
Boturik gabe

Emanaldien historikoa

Boturik gabe
Boturik gabe
Zure botua: Ezer ez Batez bestekoa: 5 (Boto 1)
Boturik gabe
Zure botua: Ezer ez Batez bestekoa: 5 (Boto 1)

Hizkuntzak