Juan Carlos Fresnadilloren ''Intruders''-ekin hasiko da Donostia Zinemaldia

Donostia Zinemaldiaren 59. edizioaren inaugurazio galan Intruders filma ikusi ahal izango da. Juan Carlos Fresnadillo zuzendariaren (Intacto, 28 semanas después) azken lana, datorren denboraldiari begira ikusmin handienetakoa sortu duen film espainiarra da.

Thriller fantastikoa da Intruders, besteak beste, Clive Owen, Carice van Houten, Daniel Brühl, Pilar López de Ayala eta Kerry Fox nazioarteko izarren lana dakarrena. Filmaren gidoiaren egileak Nicolás Casariego idazlea (Cazadores de Luz eleberriarekin, Nadal Sariaren finalista) eta Jaime Marqués zuzendaria (Ladrones) dira.

Apaches Entertainment, Antena 3 Films eta Universal Pictures enpresek ekoitzia, Londres, Madril eta Segovian filmatu dute Intruders. Universal Pictures International arduratuko da mundu mailako banaketaz.

Intruders mehatxuzko presentziengatik bizimodua aldatu beharko duten bi familien istorio paraleloen kontakizuna da: batetik, Espainian, ama batek semea babestu beharko du oldartu zaion aurpegi gabeko ezezagun batengandik; aldi berean, Ingalaterran, neskatila bati Carahueca izeneko mamua agertzen zaio amesgaiztoetan, azkenerako, neskatilarentzat eta haren senideentzat egiazko arrisku bihurtuko dena. Fresnadillok berak dioenez, filma «alderik ezkutuenetik, denok inkontzientean hobiratuta dauzkagun mamuetatik, ernetzen den unibertso bisualari diodan maitasunaren aldarria da». Hala ere, naturaz gaindiko beldurrezko kontakizun sinplea baino gehiago, Intruders drama psikologiko bizia da, familia hizpide hartzen duena.

Donostia Zinemaldiaren 59. edizioaren inaugurazio ekitaldian, irailaren 16an, emango da Intruders.

71. Donostiako Zinemaldia

Emanaldien historikoa

Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe

Hizkuntzak