Juan José Campanellaren “Futbolín” lan berriak irekiko du Donostia Zinemaldia

Irailaren 20an egingo den Donostia Zinemaldiaren 61. edizioaren hasierako galan Futbolín animazio-filma ikusteko aukera izango dugu. Juan José Campanellak eginiko lana da eta nazioarteko estreinaldian aurkeztuko du, lehiaketaz kanpo.

Futbolín joan den hilean estreinatu zuten Argentinan, Metegol izenarekin, hala deitzen baitiote han mahai-futbolari. Dagoeneko milioi bat ikusle baino gehiago erakarri ditu zinema-aretoetara, eta eman zuten lehen asteburuan, inoiz izan den argentinar film baten estreinaldirik arrakastatsuena izan zen.


Futbolín
Juan José Campanella (Argentina-Espainia)

Amadeo herri txiki eta anonimo batean bizi da. Taberna batean egiten du lan, inork baino hobeto jolasten du mahai-futbolean, eta Laurarekin dago maiteminduta, hark ez dakien arren. Amadeoren errutina sinplea erabat aldrebestuko da munduko futbolari onen bilakaturiko herriko gazte bat bertara itzultzen denean, bizitzan jasan duen porrot bakarragatik mendeku hartzeko prest. Mahai-futbola, taberna, baita arima ere suntsituta dituela, Amadeo gauza magiko batez ohartuko da: bere mahai-futbol kuttuneko jokalariek hitz egiten dute; erruz hitz egin ere! Elkarrekin abenturaz beteriko bidaia bati ekingo diote, Laura eta herria bera salbatzeko, eta bidean, egiazko talde bilakatu beharko dute. Baina, ba al dago mirarientzako tarterik futbolean?

Juan José Campanella El niño que gritó puta (1991) izeneko lehen lanarekin egin zen ezagun nazioartean. Haren atzetik beste izenburu batzuk etorri ziren: Y llegó el amor (1997), El mismo amor, la misma lluvia (1999), El hijo de la novia (2001), ingelesezkoa ez den film onenaren Oscar sarietarako izendatua, eta Luna de Avellaneda (2004). 2009an Donostia Zinemaldiaren 57. edizioko Sail Ofizialean lehiatu zen, El secreto de sus ojos filmarekin; azken lan honek ingelesezkoa ez den film onenaren Oscar saria irabazi zuen 2010ean, eta hispanoamerikar film onenaren Goya saria. Futbolín, zuzendariak egin duen lehen 3D animaziozko lana da.

Espainia eta Argentina arteko koprodukzioa da eta 3-D estereoskopikoan errodatu dute. Anbizio handiko proiektu honen ekoizleak Plural-Jempsa eta Atresmedia Cine etxeak izan dira Espainian, eta Jorge Estrada Mora Producciones etxea Argentinan, Cien Bares eta Catmandúrekin batera, eta, horrez gain, Canal +, Antena3, La Sexta eta Telefé kateen parte-hartzea izan du. Banaketa-lanez Universal Pictures International Spain arduratuko da.

Futbolín 2013ko abenduaren 20an estreinatuko dute Espainian.

 

71. Donostiako Zinemaldia

Emanaldien historikoa

Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe

Hizkuntzak