Kim ki-duk zinemagilearen ''Amen'' eta Oren Moveman zuzendariaren ''Rampart'' filmek osatuko dute Sail Ofiziala
Johnnie To, Steve McQueen et Nicolas Provost zuzendarien film berriak Zabaltegi-Perlak sailean emango dituzte
Donostia Zinemaldiaren 59. edizioaren Sail Ofizialean, aurretik aipatutako hamalau filmez gain, beste bi obra ere lehiatuko dira Urrezko Maskorra eskuratzeko. Horrez gain, Zabaltegi-Perlak sailean beste hiru film emango dituzte.
SAIL OFIZIALA
AMEN, Kim Ki-duk zuzendari hego-korearraren lan berriak, Donostia Zinemaldian izango du mundu mailako estreinaldia. Pelikula Europan filmatu dute oso-osorik; neska gazte korear baten bidaia misteriotsua kontatzen du, bai eta berari jarraika dabilen gizonezkoarekin dituen topaketak ere. Kim Ki-duk (Bonghwa, 1960) zuzendari hego-korearren artean ezagunenetakoa da; bere Seom (The Isle, 2000) filma Veneziako zinema-jaialdian lehiatu zenetik, batez ere. Bi-mong (Dream, 2008) filma 56. Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatzeko aukeratu zuten, eta Bom yeoreum gaeul gyeoul geurigo bom (Spring, Summer, Fall, Winter... and Spring, 2003) filmak, berriz, Publikoaren saria eskuratu zuen 51. Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Perlak sailean aurkeztu zutenean. Berlingo zinema-jaialdian zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen Samaria (Samaritan Girl, 2004) filmarekin, eta Canneseko azken zinema-jaialdian Un Certain Regard saria ere bai Arirang (2011) pelikularekin. Bere filmografiako lan garrantzitsuen artean daude, konparazio batera, Suchwiin bulmyeong (Address Unknown, 2001), Nabbeun namja (Bad Guy, 2002), Hae anseon (The Coastguard, 2002) edota Bin-jip (3-Iron, 2004).
Estatu Batuetako RAMPART filma Oren Moverman zinemagileak zuzendutako drama bat da, eta Woody Harrelson, Robin Wright, Steve Buscemi, Ben Foster, Sigourney Weaver, Anne Heche, Ice Cube eta Ned Beatty ditu protagonista. Eleberri beltzak idazten dituen James Ellroy idazle famatuaren istorioa du oinarri Rampart filmak, eta muturreko egoeran Los Angelesen bizi den poliziakide baten deskribapena egiten du. Oren Moverman zinemagileak The Messenger (2009) filmarekin egin zuen debuta zuzendari gisa, eta Berlineko zinema-jaialdian gidoirik onenaren Urrezko Hartza eskuratu zuen. Halaber, Oscar sarietarako bi proposamen izan zituen: gidoi onenarena eskuratzeko bata, eta bigarren gizonezko aktore onenarena lortzeko bestea (Woody Harrelson). Rampart Kutxa-Zuzendari Berriak saria irabazteko lehiatuko da.
ZABALTEGI-PERLAK
DYUT MING GAM (A LIFE WITHOUT PRINCIPLE) filma Johnnie To zuzendari hongkongdarraren azken lana da, eta Veneziako hurrengo zinema-jaialdiko Sail Ofizialean lehiatuko da. Akzio-thrillerrari egindako ekarpen honen bidez, genero honetan maisutasuna erakutsi du zuzendariak. Hala, lapurreta bateko diruaren inguruan, etsipenak jotako hiru pertsonaiaren patuak gurutzatuko dira; hirurak ere dirua bizkor irabazteko amorratzen. Johnnie To zinemagileak (Hong Kong, 1955) 50 film baino gehiago zuzendu ditu, eta 60 baino gehiago ekoitzi. Asiako zinemagintzako pertsonaiarik prestigiotsuenetakoa da. Berlingo, Canneseko eta Veneziako zinema-jaialdietako sail ofizialetan parte hartu du, eta bere ibilbide luzean polizia-zinema modernoko benetako klasikoak topatuko ditugu: Am zin (Running Out of Time, 1999), Cheung fo (The Mission, 1999), Chuen jik sat sau (Full Time Killer, 2001), PTU (2003), Dai si gin (Breaking News, 2004), Hak se wui (Election, 2005), Hak se wui yi wo wai kwai (Election 2, 2006), Fong juk (Exiled, 2006) edota San taam (Mad Detective, 2007). Fuk sau (Vengeance, 2009) filma 57. Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Perlak sailean aurkeztu zuten.
L’ENVAHISSEUR Belgikan ekoitzitako filma da, Nicolas Provost zinemagileak zuzendua. Immigrazioaren gaia jorratzen duen pelikula honek paperik gabeko afrikar gazte bat du protagonista, eta Europako gizartean bizirik irauteko zer-nolako ibiliak egin behar dituen kontatuko du. Nicolas Provost bideo-artista sonatuak (Belgika, 1969) egindako lehen film luze hau Veneziako zinema-jaialdiko Orizzonti sailean lehiatuko da. Provosten film labur esperimentalak nazioarteko zinema-jaialdi ospetsuenetan lehiatu dira; esaterako, Berlinen, Sundancen, Rotterdamen, Turinen edota Clermont-Ferranden: Papillon d’amour (2003), Exoticore (2004), The Divers (2006), Induction (2006), Suspension (2006), Plot Point (2008), Long Live the New Flesh (2009), Storyteller (2010) edota Stardust (2010), beste hainbaten artean. Bere lanari buruzko atzera begirako eta erakusketa ugari antolatu dituzte mundu zabalean.
SHAME Steve McQueen zuzendariaren film berria da, eta Michael Fassbender eta Carey Mulligan aktoreak ditu protagonista. Filmak Brandonen istorioa kontatzen du; bizitza sexuala kontrolatzeko gauza ez den 30 urteko gazte newyorktarrarena, hain zuzen. Arreba gaztea Brandonen apartamentura bizitzera joaten denean, protagonistaren bizimodua erabat aldatuko da. Gure beharrizanen inguruko azterketa sakona eta aproposa egiten du filmak; gure bizitza definitzen duten esperientziei zer-nola egiten diegun aurre, alegia. Hunger (2008) lehendabiziko filmak Canneseko zinema-jaialdiko Urrezko Kamera irabazi zuenean egin zen ezagun Steve McQueen zinemagilea (Londres, 1969). Ondoren, nazioarteko beste hainbat jaialditan saritu eta errekonozitu zuten film hori bera, eta 56. Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Perlak sailean aurkeztu zuten. Shame Veneziako hurrengo zinema-jaialdian lehiatzeko aukeratu dute.