Latinoamerikako 11 film lehiatuko dira Horizontes saria lortzeko ahaleginean

''Abel' filmak, Gael García Bernalek ekoitzitako Diego Lunaren opera prima-k, inauguratuko du Horizontes Latinos saila

Latinoamerikako hainbat herrialdetako 11 film izango dira lehian 35.000 euroko Horizontes saria irabazteko Donostia Zinemaldiaren 58. edizioan. Horizontes Latinos sailak Latinoamerikan azken urtean egin den zinema interesgarri eta berritzaileena aztertzen du Donostian. Parte hartzen duten film batzuek urtean zehar beste jaialdi batzuetan lorturiko sarien bermea dute, eta, beste batzuek, beren ibilbide interesgarriari hasiera ematen diote gure artean.

Horizontes Latinos sailaren barruan osorik edo partzialki Latinoamerikan ekoitzitako filmak biltzen dira, zinemagile latinoamerikarrek eginikoak edo testuinguru edo gai gisa munduko latinoamerikar komunitateak dituztenak. Horrez gain, Espainian argitaratu gabeko lanak izan behar dute.

Zinemaldiko hurrengo edizioan Mexiko, Argentina, Txile, Costa Rica, Uruguai eta Peruko filmek hartuko dute parte; horietako batzuek, Espainia, Alemania eta Frantzia bezalako Europako herrialdeen partaidetza izan dute produkzioan.

Horizontes Latinos saila Diego Luna aktorearen Abel lanak inauguratuko du. Bere opera prima egiteko, Gael García Bernal aktorea izan du ekoizle bezala Diego Lunak. Abel  Sundanceko Zinemaldian estreinatu zen; hain zuzen ere, nazioarteko lanen lehen emanaldiak biltzen dituen International Premieres sailean. Horrez gain, Canneseko Zinemaldiko Sail Ofizialeko saio berezi batean ere eman zuten.

Donostian ikusi ahal izango diren filmetako batzuk, adibidez Norberto apenas tarde (Daniel Hendler), A tiro  de piedra (Sebastián Hiriart), Rompecabezas (Natalia Smirnoff) eta Agua fría de mar (Paz Fábrega),  Zinema Eraikitzen programaren fruituak dira. Donostiako eta Frantziako Tolosa hiriko zinema jaialdiek elkarlanean abian jarritako programaren helburua behin filmatu ostean postprodukzioan aurrera egiteko zailtasunak dituzten Latinoamerikako fikziozko film luzeak laguntzea da; hala, aukeraketa zorrotz baten ostean, filmak amaitzeko laguntza ematen zaie lanon arduradunei. Zinema Eraikitzen programari esker aurrera egiteko aukera izan duten lanetako batzuk, nazioarteko jaialdi entzutetsuetan hartu dute parte Donostiatik igaro ostean: Agua fría de mar filmak Rotterdameko Jaialdiko VPRO Tiger Award saria eskuratu zuen, Norberto apenas tarde Locarnoko Jaialdiko Egungo Zinemagileak sailean aurkeztuko da eta Rompecabezas lanak Berlinalean, Buenos Aireseko BAFICI jaialdian eta Guadalajarako Zinemaldian hartu du parte.

Nazioarteko jaialdietan parte hartu duten beste lanetako batzuk honakoak dira: Por tu culpa (Berlinale - Panorama Specials); La mirada invisible (Cannes - Errealizadoreen Hamabostaldia); Lo que más quiero (BAFICI);  Octubre (Cannes - Un Certain Regard); Nostalgia de la luz (Cannes - Sail Ofizialeko saio berezia) eta Venezian lehiatuko den Post mortem.

Parte hartuko duten zuzendarietako batzuk Donostia Zinemaldiko aspaldiko ezagunak dira. Anahí Bernerik 2007ko Sail Ofizialean hartu zuen parte Encarnación bere aurreko filmarekin eta Patricio Guzmánek Salvador Allende lana aurkeztu zuen 2004an Zabaltegi-Bitxiak sailean.


ABELABEL (INAUGURAZIOA, LEHIAKETA BARRUAN)
Mexiko
Zuzendaria: Diego Luna
Antzezleak:Geraldine Alejandra, Karina Gidi, Christopher Ruíz-Esparza, Gerardo Ruíz-Esparza, José María Yazpik

Abel 9 urteko haurra da. Hitz egiteari uko egiten dio, eta, ondorioz, etxe ondoko osasun mentaleko zentro batean dago. Ama ziur dago anaiarekin eta arrebarekin elkartzeak on egingo diola Abeli eta medikua haurrak astebete zentrotik kanpo igarotzeko konbentzituko du. Ama ezkongabea denez, etxean ez dago aitarik; aldiz, ustekabean, Abelek familia batzea lortuko duen aita ezohiko baten papera jokatuko du. Filma Diego Lunaren opera prima da. Gael García Bernal da Sundanceko jaialdiko International Premieres sailean eta Canneseko Sekzio Ofizialean saio berezi gisa parte hartu duen laneko ekoizlea.


A TIRO DE PIEDRAA TIRO DE PIEDRA
Mexiko
Zuzendaria: Sebastián Hiriart
Antzezleak: Jacinto Medina, Gabino Rodríguez

Jacinto Medina 21 urteko artzaina Mexiko iparraldean bizi da; erabat gogaituta dago bere eguneroko bizitzarekin. Egun batean, giltzatako bat aurkituko du lurrean. Aurkikuntza ikur bat bezala ulertu eta milaka kilometro egitera eramango duen bidaia abiatzea erabakiko du Jacintok. Zuzendariaren opera prima da. Zinema Eraikitzen programako 16. ediziorako aukeratutako lana da.


AGUA FRÍA DE MARAGUA FRÍA DE MAR
Costa Rica-Frantzia-Espainia-Mexiko 
Zuzendaria: Paz Fábrega
Antzezleak: Montserrat Fernández, Lil Quesada Morúa, Luis Carlos Bogantes

Urteberriko oporretan, Marianak (21 urte) eta Rodrigok (30) Hego Pazifikoko kostaldea bisitatuko dute. Gauean, ezerezaren erdian, etxetik ihes egin duen Karina (7) aurkituko dute. Bikoteak haurrarekin geratu eta goizean laguntza bilatzea erabakiko du. Baina iratzartzean, haurra jada ez da egongo. Opera prima. Zinema Eraikitzen programako 16. edizioan parte hartu zuen lan honek VPRO Tiger Awards saria eskuratu zuen Rotterdamen. Buenos Aireseko BAFICI jaialdian eta Guadalajarako Zinemaldian ere hartu du parte.


LO QUE MÁS QUIEROLO QUE MÁS QUIERO
Argentina
Zuzendaria: Delfina Castagnino
Antzezleak:Pilar Gamboa, María Villar, Esteban Lamothe, Leonardo Castañeda

Pilar hegoaldean bizi da; bere aita galdu berri du eta bakarrik dago. Mariaren bisita jasoko du. Mutil lagunetik ihesi helduko da Maria, banantzeko zorian baitago. Ez batak ez besteak ez du laguna kontsolatzeko gaitasunik. Ez batak ez besteak ez daki zer nahi duen. Zer nahi ez duten ere ozta-ozta dakite. Ez dute aurreko bizitzetara itzuli nahi. Ez dute etorkizunean pentsatu nahi. Ez dute bakarrik egon nahi. Ez dute oporrak bukatzerik nahi. Ixteko zorian dagoen zurgintzako enpresa bat, zaldi bat, txakur bat, hainbat gizon, alkohol pixka bat eta hegoaldeko lakuetako ur hotzak aurkituko ditugu filmean. Zuzendariaren opera prima da. Pilar Gamboa eta María Villarrek Aktore Onenaren Saria eskuratu zuten BAFICI jaialdian.


LA MIRADA INVISIBLELA MIRADA INVISIBLE
Argentina-Espainia-Frantzia
Zuzendaria: Diego Lerman
Antzezleak: Julieta Zylberberg, Osmar Núñez, Marta Lubos, Gaby Ferrero

1982. urtea da eta Maria Teresa Buenos Aireseko Eskola Nazionaleko irakaslea da. Tabako usain lausoa, agian existitu ere egiten ez dena, jarraituz, mutilen komunetan ezkutatzen hasten da erretzen duten ikasleak harrapatu eta autoritatearen aurrera eramateko; azkenerako, ohitura ilun baina kitzikagarria bilakatuko da Mariarentzat. Ezer ez da oharkabean igarotzen bere begiradaren aurrean. Kartzelariaren begirada, nagusiarena... edo perbertsioarena. Tan de repente (Zilarrezko Leopardoa 2002ko Locarnoko jaialdian) eta Mientras tanto (Sekzio Ofiziala, 2004ko Veneziako jaialdia) lanak zuzendu zituen aldez aurretik Diego Lermanek. La mirada invisible filmak 2010eko Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian parte hartu du.


NORBERTO APENAS TARDENORBERTO APENAS TARDE
Uruguai-Argentina
Zuzendaria: Daniel Hendler
Antzezleak: Fernando Amaral, Eugenia Guerty, César Troncoso eta Roberto Suárez

Norberto lanetik bota dute eta higiezinen agentzia batean saltzaile hasi da lanean. Emazteari kontatzea gerorako utzi du. Nagusi berriak nortasuna indartzeko ikastaro bat egitea gomendatu dio, horrela, lotsa gainditzeko. Hortaz, aktore izateko hasiberrientzako ikastaro batean hasiko da. Hiruhileko amaierako emanaldirako prestaketak egiten dituen bitartean, ezin du sinesgarri izatea lortu, ez bezeroekin, ez emaztearekin, baina bere buruari gezurrak esateko gaitasun handia duela ohartzen da. Zuzendariaren lehen lana da. TVE saria jaso du Zinema Eraikitzen programako 16. edizioan. 2010eko Locarnoko jaialdiko Egungo Zinemagileak sailerako aukeratu dute filma.


NOSTALGIA DE LA LUZNOSTALGIA DE LA LUZ
Frantzia-Alemania-Txile
Zuzendaria: Patricio Guzmán

Nostalgia de la luz zeruaren eta lurraren arteko distantziari buruzko filma da, argiaren eta gizakien arteko distantziari buruzkoa; hau da, gizakien arteko joan-etorri misteriotsuei buruzkoa. Mundu guztitik iritsitako astronomoak Atacamako basamortuan biltzen dira, 3.000 metroko altueran, Txileko iparraldeko izarrak behatzeko. Bertan, zeruaren gardentasunak unibertsoaren mugak ikustea ahalbidetzen du. Lurzoruaren idortasunak, berriz, giza hondakinak betirako bere horretan mantentzen ditu: momiak, esploratzaileak, meatzariak, indigenak eta diktadura garaiko preso politikoak. Astronomoek zeruan lurretik kanpoko bizitza bilatzen duten bitartean, emakume talde batek lurzoruko harriak mugitzen ditu: beraien senitartekoen bila ari dira. Patricio Guzmánek 2004an parte hartu zuen Donostia Zinemaldian (Zabaltegi-Bitxiak) Salvador Allende lanarekin. Nostalgia de la luz filma 2010eko Canneseko jaialdiko Sekzio Ofizialeko sesio berezi batean eman zuten.


>OCTUBRE (OCTOBER)OCTUBRE (OCTOBER))
Peru
Zuzendaria: Daniel Vega eta Diego Vega
Antzezleak: Bruno Odar, Gabriela Velásquez, Carlos Gassols

Clemente, batere hiztuna ez den mailegu-emailea, Sofia bere bizilagunaren esperantza berria da; ezkongabea da Sofia eta Mirarien Jainkoaren urriko kultuari izugarrizko debozioa dio. Haur jaio berri batek elkartzen ditu biak, Clementek desagertutako emagaldu batekin izandako haurrak. Clementek haurraren ama bilatzen duen bitartean, Sofia umea zaintzeaz zein mailegu-emailearen etxeaz arduratuko da. Sofiaren eta haurraren helduerarekin, Clementek jendearekin dituen harremanen gainean hausnartzeko aukera izango du. Zuzendariaren lehen lana da. 2010eko Canneseko jaialdiko Un Certain Regard saileko Epaimahaiaren saria jaso zuen.


POR TU CULPAPOR TU CULPA
Argentina
Zuzendaria: Anahí Berneri
Antzezleak: Erica Rivas, Nicasio Galán, Zenón Galán, Rubén Viani, Marta Bianchini, Omar Núñez, Carlos Portaluppi

Julieta ama gazte eta banandu berria etxean dago, beste edozein arratsaldetan bezala. Bi semetxoak sesioan dabiltza apartamentu kaskarrean, txikiena erori eta min hartzen duen arte. Haurrak gainean hartu eta ospitalera joango da Julieta laguntza eske, baina bilatzen dituen ulermena eta babesa susmo izugarri bilakatuko dira... Berlinale Special sailean aurkeztu dute aurten lan hau. Zuzendarian aurreko lana, Encarnación, Donostian izan zen 2007an.


POST MORTEMPOST MORTEM
Txile-Mexiko-Alemania
Zuzendaria: Pablo Larraín
Antzezleak: Alfredo Castro, Antonia Zegers, Jaime Vadell, Amparo Nobuera, Marcelo Alonso

Mariok 55 urte ditu eta bere lana gorputegi bateko autopsien txostenak makinan idaztea da. 1973. urtea da, Txileko estatu-kolpearen erdi-erdian gaude. Mariok kabaret dantzaria den bizilaguna Nancyrekin amets egiten du, baina irailaren 11n desagertu egingo da bat-batean. Armadak emakumearen etxea modu bortitzean erregistratu ondoren, anaia eta aita atxilotu dituztela jakingo du. Azken hau komunista ezaguna da eta Salvador Allenderen aldeko. Bere maitalea zatekeenaren desagerpenak biziki kezkatuko du Mario eta ero moduan hasiko da Nancyren bila. Veneziako hurrengo jaialdian Urrezko Lehoia eskuratzeko lehiatuko da. Larraínen aurreko filmak, Tony Manero, Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean hartu zuen parte 2008an.


ROMPECABEZASROMPECABEZAS
Argentina-Frantzia
Zuzendaria: Natalia Smirnoff
Antzezleak: María Onetto, Gabriel Goity, Arturo Gotees.

Senarrak eta semeek buru-hausgarri bat oparitzen diote Mariari 50 urte betetzean. Maria poz-pozik dago, izugarrizko aurkikuntza izan baita beretzat. Pazientzia handiko etxekoandrea da Maria eta asko gozatzen du puzzleak egiten; ez hori bakarrik, izugarrizko abilezia du. Ezustean aurkitu duen pasio berriarekin erabat berotuta, oparia erosi zioten dendara joango da beste buru-hausgarri bat eskuratzeko asmoz. Bertan, iragarki taulan jarritako ohar batek bere arreta bereganatuko du: «Buru-hausgarrien txapelketa batean parte hartzeko lagun baten bila ari naiz». Senitartekoak oso ados ez dauden arren, Mariak iragarkiari erantzutea erabakiko du. Zuzendariaren opera prima da. Zinema Eraikitzen programako 16. edizioko Casa de América saria eskuratu du filmak eta 2010eko Berlinaleko Sekzio Ofizialean, BACIFI jaialdian eta Guadalajarako Zinemaldian hartu du parte.

67. Donostiako Zinemaldia

Datozen filmak

Hil Kanpaiak (J.B.G.A.)
Ostirala, 2020, Abendua 4 - 19:00
Boturik gabe
Sentimental
Ostirala, 2020, Abendua 18 - 19:00
Boturik gabe

Emanaldien historikoa

Boturik gabe
Boturik gabe
Zure botua: Ezer ez Batez bestekoa: 5 (Boto 1)
Boturik gabe
Zure botua: Ezer ez Batez bestekoa: 5 (Boto 1)

Hizkuntzak