Martin Scorsese, Frederick Wiseman, Hirokazu Kore-eda, Juan Carlos Rulfo eta Joann Sfar zinemagileen film berriak, Zabaltegi-Bereziak sailean

Leila Kilani 58. edizioko Zinema Mugimenduan saileko irabazleak ere parte hartuko du ''Sur la planche'' filmarekin

Zabaltegi saileko emanaldi berezien programazioa hamar filmekin osatzen da. 59. edizio honetako eskaintzari nazioarteko zinemagileen hiru dokumental eta fikziozko hiru film luze batuko zaizkio. Halaber, beste lau obra ere ikusi ahal izango dira Gauerdiko Saioetan. Aldez aurretik jakinarazita bezala, Zabaltegi-Bereziak sailean Espainiako sei film ere emango dituzte: Manuel Huergaren 14 d’abril Macià contra Companys, Eterio Ortegaren Al final del túnel, Isaki Lacuestaren El cuaderno de barro, Nacho Vigalondoren Extraterrestre, David Truebaren Madrid, 1987 eta ESCACen (Kataluniako Zinema eta Ikus-entzunezkoen Ikastegi Nagusia) Puzzled Love.


CARRIÈRE. 250 METROS Juan Carlos Rulfo zuzendariaren filma da, eta Jean-Claude Carrière idazle eta gidoilariaren berri ematen du. Carrière Luis Buñuelen kolaboratzaile leial izan zen, zinemarako ehun gidoi baino gehiago idatzi zituen, eta duela gutxi Espainiako Letren eta Arteen Ordenarekin saritu zuten. Hunkiduraz jositako bidaia sentimental honetan, Carrièrek bere bizitza markatu duten tokiak eta pertsonak ekarriko ditu gogora; esate baterako, Toledo, Paris edota New York. Era berean, Peter Brook, Milos Forman eta tankerako lagun zaharrak ere oroituko ditu. Juan Carlos Rulfo (Mexiko Hiria, 1964) En el hoyo (2006) filmarekin egin zen nazioartean ospetsu; obra hori Sundance, Karlovy Vary eta Guadalajarako zinema-jaialdietan saritu zuten. Ondoren, Carlos Hagerman zuzendariarekin lankidetzan Los que se quedan (2008) dokumentala egin zuen, eta horrek ere Los Angeleseko eta Guadalajarako zinema-jaialdietan sariak eskuratu zituen.
 

LE CHAT DU RABBIN animaziozko filma da, Antoine Deslevaux zinemagileak eta Joann Sfar marrazkilariak zuzendua. Errabino baten eta bere katu hizlariaren abentura sinestezinak kontatzen ditu, Afrikan galdutako hiri bat aurkitzeko espedizio batera abiatzen direnean. Film luzerik onenaren Cristal saria eskuratu zuen obrak, Annecyko animaziozko zinema-jaialdian. Joann Sfar (Niza, 1971) marrazkilariak komikiaren munduan sona handia du, bereziki bere Dungeon serieari esker. Era berean, 2010ean Gainsbourg, vie héroïque film luzea egin zuen.
 

CRAZY HORSE Frederick Wiseman zinemagilearen dokumental berria da, eta bere kamerarekin Parisko Crazy Horse kabaret ospetsuaren barrualdea arakatuko du. Wiseman (Boston, 1930) Ameriketako dokumentalaren legenda biziduna da. Ameriketako gizarteari, erakunde publikoei eta esparru profesionalei egindako erretratu zorrotzak direla medio egin da ospetsu: Titicut Follies (1967), High School (1968), Welfare (1975), Meat (1976), Model (1980), La danseLe ballet de l’Opéra de Paris, Boxing Gym (2010), eta beste hainbat.
 

GEORGE HARRISON: LIVING IN THE MATERIAL WORLD Martin Scorsese zuzendariaren lan berria da. Dokumental honek George Harrison Beatles taldeko kidearen berri emango digu, Paul McCartney, Ringo Starr, Yoko Ono, Phil Spector eta tankerako beste hainbaten lekukotzen bitartez. Filmak orain artean argitaratu gabeko irudiak eta grabaketak ditu. Martin Scorsese (New York, 1942) Ameriketako zinema modernoaren oinarrizko izenetako bat da, eta bere obretako askok historia egin dute: Mean Streets (1973), Taxi Driver (1976) –Canneseko zinema-jaialdian Urrezko Palmorria irabazi zuen–, Raging Bull (1980), Goodfellas (1990), The Age of Innocence (1993), Casino (1995) edota The Departed (2006); azken film horri esker, Zuzendari Onenaren Oscar saria jaso zuen. Era berean, The Last Waltz (1978), No Direction Home: Bob Dylan (2005) eta Shine a Light (2008) dokumentalak ere zuzendu ditu.
 

NOCHI NO HI (THE DAYS AFTER) Hirokazu Kore-eda zinemagile japoniarrak fantasiazko KAIDAN-HORROR CLASSICStelesailari egindako ekarpena da, NHK eta NHK Enterprises etxeek ekoitzia. Bere atalean, doluaren eta izaki kutunak galtzearen inguruko hausnarketa poetikoa egiten du; horretarako, gauero hildako semea agertzen zaien senar-emazteen istorioa kontatzen du. Hirokazu Kore-eda (Tokio, 1962) zuzendariak, era berean, Sail Ofizialean ere parte hartuko du Kiseki (I Wish) filmarekin. Edonola ere, bere beste hiru film ere lehiatu dira Donostia Zinemaldian aurretik: Wandâfuru raifu (After Life, 1998), Hana yori mo naho (Hana, 2006) eta Aruitemo, aruitemo (Still Walking, 2008).
 

SUR LA PLANCHE Leila Kilani zinemagile marokoarraren obrak Donostia Zinemaldiaren Zinema Mugimenduan saria eskuratu zuen iaz, eta, ondoren, Canneseko zinema-jaialdiko Errealizadoreen Hamabostaldian parte hartu zuen. Leila Kilaniren (Casablanca, 1970) fikziozko lehen film luze honek bi gazte marokoarren bizi-baldintza latzak kontatzen ditu. Kilanik lehen ere bi dokumental zuzendu zituen: Tanger, le rêve des brûleurs (2003) eta Nos lieux interdits (2009).
 
ZABALTEGI-GAUERDIKO BEREZIAK

LE MOINE Matthew Gregory Lewis idazleak XVIII. mendean idatzitako eleberri gotiko klasikoaren egokitzapena da. Dominik Moll zinemagileak zuzendu zuen Espainiak eta Frantziak elkarrekin ekoitzitako obra hau, eta deabruarekin ituna egindako monje bati buruzko thriller bizia da. Vincent Cassel, Déborah François, Sergi López eta Geraldine Chaplin dira filmeko protagonistak. Dominik Moll (Bühl, 1962) zinemagile alemaniarra bere thriller arduragarriekin egin zen ospetsu nazioartean: Harry, un ami qui vous veut du bien (2000) –zuzendari onenaren Cesar saria eskuratu zuen lan horrekin–, eta Lemming (2005).
 

Australiako SNOWTOWN ekoizpena Justin Kurzel zinemagileak zuzenduta dago. Nerabe baten eta agertu berri den aitatzat duen pertsonaia baten artean sortzen den harremanari buruzko erretratu aztoratzailea da; pertsonaia horrek fanatismoz eta indarkeriaz betetako mundu batera eramango du nerabea. Kurzelen lehendabiziko lan hau aurtengo Canneseko zinema-jaialdiko Kritikaren Astean lehiatu zen, eta aipamen berezia eskuratu zuen, gainera. Era berean, Adelaideko zinema-jaialdiko Publikoaren Saria ere irabazi du.
 

 
PINKU EIGA izenez ezagutzen da Japonian batez ere 60ko eta 70eko hamarkadetan ekoitzitako zinema erotikoa. Muturreko pasio- eta indarkeria-istorioak izaten dituzte beti. Kontsumo-zinema honen proposamen zoroak kultu-objektu bilakatu dira zinemazale bitxien eta sailkaezinen artean. Pinku Eiga Gauean, genero honetako bi maisuren obra klasiko bana emango dituzte:

Masaru Konuma zinemagilearen HANA TO HEBI (Flower and Snake, 1974).

Noboru Tanaka zuzendariaren EDOGAWA RANPO RYÔKI-KAN: YANEURA NO SANPOSHA(Watcher in the Attic, 1976).

71. Donostiako Zinemaldia

Emanaldien historikoa

Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe

Hizkuntzak