Terence Davies, Hirokazu Kore-Eda, Arturo Ripstein, Wang Xiaoshuai, Sarah Polley eta Julie Delpy, Donostia Zinemaldiaren Sail Ofizialean

Ana Katz, Mathieu Demy, Filippos Tsitos, João Canijo eta Björn Runge zuzendariak ere lehiatuko dira 59 .edizioan.

Donostia Zinemaldian, aurten ere, nazioarteko sona handiko zinemagileak izango dira, azken lanak aurkezten. Erresuma Batuko, Japoniako, Mexikoko, Kanadako, Frantziako, Txinako, Argentinako, Portugaleko, Greziako eta Suediako produkzioak lehiatuko dira Urrezko Maskorra eskuratzeko. Sail Ofizialeko gainerako filmak zein diren ere laster jakinaraziko dugu.


THE DEEP BLUE SEA
THE DEEP BLUE SEA Terence Davies zuzendari britainiar ezagunaren azken lana da. Zinemaldiak zuzendari honi atzerabegirako bat eskaini zion 56. edizioan (2008). Filmak Rachel Weisz, Tom Hiddleston eta Simon Russell Beale ditu protagonista nagusi, eta Terence Rattiganen izen bereko antzezlanaren egokitzapena da; beste gizon batekin maitemindu den emakume ezkondu baten gatazka emozionala kontatzen du, hain zuzen ere, ganbera-lan horrek. Terence Davies-en (Liverpool, 1945) filmografian nabarmendu beharreko tituluak daude: Distant Voices, Still Lives (1988), The Long Day Closes (1992), House of Mirth (2000) eta Of Time and the City (2008), esaterako.
 

KISEKI (If I Wish)
KISEKI (I Wish) Hirokazu Kore-eda zinemagile japoniarraren azken filma da, eta ilusio handi bat duen hamabi urteko mutikoaren istorioa du ardatz: gurasoak dibortziatu zirenetik anaia urrun bizi da, eta berarekin elkartu nahiko du protagonistak. Kore-eda (Tokio, 1962) zinemagilearen Maborosi no hikari (Maborosi, 1995) lana Veneziako zinema-jaialdian saritu zuten, eta, geroztik, Japoniako zuzendari estimatuenetako bat da. Bere lanetako beste zenbait Canneseko zinema-jaialdian aurkeztu zituzten: Distance (2001) edo Dare mo shiranai (2004), adibidez. Kore-eda laugarren aldiz lehiatuko da Donostia Zinemaldian. Izan ere, zuzendari japoniarrak Zinemaldian aurkeztu zituen Wandâfuru raifu (After Life, 1998), Hana yori mo naho (Hana, 2006) eta Aruitemo, aruitemo (2008) aurreko lanak.

LAS RAZONES DEL CORAZÓN
LAS RAZONES DEL CORAZÓN Arturo Ripstein zuzendariaren azken lana dugu. Gustave Flauberten Madame Bovary eleberriaren azken atalen egokitzapen librea eta pertsonala egin du oraingoan zinemagile mexikarrak. Arturo Ripsteinek (México D.F., 1943) bitan irabazi du Donostia Zinemaldiaren Urrezko Maskorra Principio y fin (1993) eta La perdición de los hombres (2000) filmekin. Epaimahaiaren Sari Berezia ere eskuratu zuen, El lugar sin límites (1978) lanarekin. Filmografia luzea du, garrantzi handiko tituluak dituena: La mujer del puerto (1991), La reina de la noche (1994), Profundo carmesí (1996) edo Así es la vida (2000).
 
 

TAKE THIS WALTZ
Sarah Polley aktore, zuzendari eta ekoizlea ere lehiatuko da Sail Ofizialean, bere bigarren lanarekin; hain zuzen, TAKE THIS WALTZ Kanadako produkzioarekin. Filmak Michelle Williams eta Seth Rogen aktoreak ditu protagonista nagusi; drama erromantikoa da, eta nahasketa sentimental handia duen gazte baten istorioa kontatzen du. Sarah Polley (Toronto, 1979) sei urterekin hasi zen aktore lanetan, eta hainbat zuzendariren esanetara aritu da: Terry Gilliam, The Adventures of Baron Munchausen (1988) filmean; Atom Egoyan, Exotica (1994) eta The Sweet Hereafter (1997) filmetan; Isabel Coixet, My Life Without Me (2003) eta The Secret Life of Words (2005) filmetan, edo David Cronenberg, ExistenZ (1999) lanean. Horrez gainera, The Weight of Water (2000), The Claim (2000) edo Dawn of the Dead (2004) filmetan ere parte hartu du. Hainbat film labur zuzendu ditu, baita luze bat ere: Away from Her (2006). Lan horregatik, hainbat sari jaso zituen eta gainera Oscar saria eskuratzeko bi izendapen izan zituen, bata Egokitutako Gidoi Onenaren sarirako eta bestea Julie Christie, aktoresa onenaren sarirako. Kutxa-Zuzendari Berriak sarirako hautagaia da filma.

LE SKYLAB
Julie Delpy aktore eta zuzendari ezagun eta ospetsu frantziarrak ere parte hartuko du Sail Ofizialean, bere laugarren filmarekin: LE SKYLAB. Familia bilera bati buruzko komedia nostalgikoa da, 70eko hamarkadan girotua, eta Delpy bera da zuzendari eta protagonista. Julie Delpy (París, 1969) Frantziako zinemako aktore nagusietako bat da eta, 14 urte zituela, Jean-Luc Godard-en Détective (1985) filmean debuta egin zuenetik, hainbat zuzendarirekin egin du lan: Léos Carax (Mauvais sang, 1986), Bertrand Tavernier (La passion Béatrice, 1987), Agnieszka Holland (Europa, 1990), Krzystof Kieslowski (Trzy kolory: Bialy, 1994), Richard Linklater (Before Sunrise, 1995, eta Before Sunset, 2004) edota Jim Jarmusch (Broken Flowers, 2005). Zuzendari moduan, bere filmografiaren barruan dago Looking for Jimmy (2002) obra, baita Berlingo zinema jaialdiaren «Ikuspegia» sailean parte hartu zuten bi zinta ere: Two Days in Paris (2007) eta The Countess (2009).

11 FLOWERS
11 FLOWERS Wang Xiaoshuai zinemagile txinatarraren azken lana da; Mao Zedong hil aurreko garaia, gorabeheraz betetakoa, haur baten ikuspegitik kontatzen du. Wang Xiaoshuai (Shanghai, 1966) Berlingo zinema-jaialdiaren bidez egin zen ezagun nazioartean; Shiqi sui de dan che (Beijing Bicycle, 2001) pelikulak Berlingo Zilarrezko Hartza eskuratu zuenean, alegia. Sei urte geroago, Gidoi Onenaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen, Zuo You (In Love we Trust) filmarekin. Ondorengo lanarekin (Rizao Chongqing/Chongqing Blues, 2010), Cannesko zinema-jaialdian lehiatu zen.

AMERICANO
AMERICANO Frantziako produkzioa da, Mathieu Demy protagonista duena. Salma Hayek, Géraldine Chaplin eta Chiara Mastroianni ere aktore taldean daude. Gazte frantziar batek Mexikon egindako bidaia kontatzen du filmak. Gaztea emakume misteriotsu baten bila dabil; bere ama zenaren lagun izan zen emakumearen bila, hain zuzen ere. Mathieu Demy (París, 1972) aktorea aski ezaguna da bere jaioterrian, eta 30 titulu baino gehiago ditu bere filmografian. Besteak beste, Agnès Varda, Michel Hazanavicius, Pascal Bonitzer, Benoît Cohen, Michel Deville, André Téchiné edo Jean-Pierre Mocky zinemagileekin aritu da lanean. Americano da zuzendu duen lehen film luzea. Mathieu Demy Agnès Varda eta Jacques Demyren semea da. Donostia Zinemaldiak atzerabegirako bat eskainiko dio aurten Jacques Demyri. Kutxa-Zuzendari Berriak sarirako hautagaia da filma.

LOS MARZIANO
LOS MARZIANO Argentinako produkzioa da; Ana Katz da zuzendaria, eta Guillermo Francella eta Arturo Puig ditu protagonista. Familia-giroko komedia gazi-gozoa da, aspaldi haserretutako bi anaiaren istorioa kontatzen du; hala, familia-ospakizun batean elkartzen direnean zer-nolako tirabirak dituzten kontatzen du. Ana Katz (Buenos Aires, 1975) gidoilari, aktore eta zuzendariak El juego de la silla (2002) lanarekin egin zuen debuta film luzeetan. Film horrek Donostiako Zinemaldiko Zinema Eraikitzen Sailean parte hartu zuen, baita, geroago, Zabaltegi-Zuzendari Berriak Sailean ere. Bere bigarren lana ere (Una novia errante, 2007) Zinema Eraikitzen Sailean izan zen; ondoren, Cannes, Toronto eta Habanako zinema-jaialdietan lehiatu zen, baita Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos Sailean ere. Los Marziano, Kramer&Sigman etxeak ekoitzia, bere hirugarren lana da.

SANGUE DO MEU SANGUE
SANGUE DO MEU SANGUE Portugaleko produkzioa da, João Canijok zuzendutakoa; Lisboako auzo periferiko batean girotutako melodrama familiar gogorra du ardatz. João Canijo (Lisboa, 1958) Manoel de Oliveira, Alain Tanner eta Wim Wenders zuzendarien laguntzaile izan da, eta Canneseko zinema-jaialdiko Un Certain Regard Sailean hartu du parte, Ganhar a vida (2000) eta Noite Escura (2003) lanekin. Horrez gainera, Veneziako zinema-jaialdiko Orizzonti Sailean lehiatu da, Mal nascida (2007) filmarekin, baita Rotterdameko zinema-jaialdian ere, Tres menos eu (1985) lanarekin.
 

ADIKOS KOSMOS (Unfair World)
ADIKOS KOSMOS (Unfair World) Greziako filma, Filippos Tsitos zuzendariarena, komedia dramatiko harrigarria da, mundu justuago bat lortzearekin zeharo itsututa dagoen poliziakide baten gora-behera arraroak kontatzen dituena. Filippos Tsitos (Atenas, 1966) Berlingo zinema-jaialdian lehiatu zen My Sweet Home (2001) lehen lanarekin. Akadimia Platonos (2009) bigarrenarekin, Aktore Onenaren Saria lortu zuen, Locarnoko zinema-jaialdian, Antonis Kafetzopoulos-entzat –Adikos Kosmos filmeko protagonista ere bada–.

HAPPY END
HAPPY END Suediako produkzioa da, eta Björn Runge du zuzendari; emakumeek gaur egungo gizartean jasaten dituzten tratu txar psikologiko eta fisikoak jorratzen ditu. Björn Runge (Lysekil, 1961) Roy Andersson zuzendariaren laguntzaile gisa hasi zen zinemagintzan, eta maiz egin du lan telebistaren eta dokumentalen esparruan. Harry och Sonja (1996) eta Raymond-sju resor värre (1999) film luzeak zuzendu ondoren, Berlingo zinema-jaialdiko Aingeru Urdina saria eskuratu zuen hirugarren lanarekin (Om jag vänder mig om/Daybreak, 2003). Horrez gainera, Karlovy Varyko Jaialdian lehiatu zen Mun mot mun (Mouth to Mouth, 2006) lanarekin.

71. Donostiako Zinemaldia

Emanaldien historikoa

Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe

Hizkuntzak