Zabaltegi-Bereziak sailean Barry Levinson, Kiyoshi Kurosawa, Valeria Sarmiento eta Rosa von Praunheim zuzendarien lanak izango dira, besteak beste

Hamaika filmen proiekzioarekin osatuko da Zabaltegi Bereziak saila. Fikziozko hiru film luzek, animaziozko batek, bost ez fikziozko filmek eta telebistarako sorturiko bi mini-telesailek osatuko dute nazioarteko zinemagile garrantzitsuen eskutik etorriko zaigun askotariko eskaintzak. Guzti hauei aurretik jakinarazitako bost film espainiarrak batu behar zaizkie.


7 DÍAS EN LA HABANA (7 EGUN HABANAN)
Benicio del Toro, Pablo Trapero, Elia Suleiman, Julio Medem, Gaspar Noé, Juan Carlos Tabío, Laurent Cantet (ESPAINIA-FRANTZIA)

Hiri eklektiko baten erretratu garaikidea. Hainbat herrialdetako egungo zazpi zuzendari garrantzitsuk zuzendutako zazpi kapituluk osaturiko film luze baten bidez kontatua: Benicio del Toro, Pablo Trapero, Julio Medem, Elia Suleiman, Gaspar Noé, Juan Carlos Tabío eta Laurent Cantet.


ASURA
Keiichi Sato (JAPONIA)

Anime honen protagonista amorruz eta gorrotoz beteriko umezurtza da. Familiak Kyotoko lur mortuetan abandonatu du eta ahal duena egingo du bizitza basati horretan bizirauteko. Zibilizazioarekin topo egiten duenean, barruan duen piztia otzantzen ikasi beharko du.


THE BAY
Barry Levinson (AEB)

Barry Levinson (Rain Man, Sleepers) zuzendariaren lan berria herri txiki bati buruzko kronika da. Chesapeake Bay kostaldeko herri lasaia leku beldurgarri bilakatuko da. Herritxoan itsasoari esker bizi dira, eta frantziar biologoek alkateari urak toxikotasun maila oso handiak dituela esaten diotenean, hark ez die herritarrei informazioa helarazi nahiko, ikara nagusitu ez dadin. Orduan, izurrite hilgarri eta ezezagunak parasito mutanteen ostalari bilakatuko ditu Chesapeake Bayko herritarrak, eta haien buruak eta gorputzak kontrolatuko dituzte.


BAZTAN
Iñaki Elizalde (ESPAINIA)

Iñaki Elizalde film laburren egile eta dokumentalgile sarituaren lehenengo lana da. Filmaketa talde bat Baztanera joango da XVII. mendean agot deitutakoek jasandako diskriminazioari buruzko filma grabatzera. Agotak gainerakoengandik aparte bizitzera behartuta egon dira, ia gaur egunera arte. Carmelo Gómez eta Unax Ugalde dira protagonista.


BYPASS
Patxo Telleria, Aitor Mazo (ESPAINIA)

Aitor Mazo eta Patxo Telleria aktore eta zuzendarien bigarren filma komedia erromantikoa da. Xabi gaztea da protagonista; hilzorian dagoen María lagunaren azken orduak goxatzeko, berarekin maiteminduta dagoela kontatuko dio: ustez uste gabe María sendatzen denean, Xabik plantak egiten jarraitu beharko du. Protagonistak: Gorka Otxoa, Sara Cozar, Bárbara Goenaga, Aitor Mazo eta Unax Ugalde.


Emak Bakia baita (EMAK BAKIA BAITA)
Oskar Alegria (ESPAINIA)

Oskar Alegria kazetari, dokumentalgile eta argazkilariaren dokumental hau bilaketa baten istorioa da; Man Ray zuzendariak bere zinema libertarioa sortzeko inspirazioa aurkitu zuen Biarritz inguruko etxearena, alegia. Zoriari, haizeari eta argazkien atzealdeari buruzko filma.


KERN
Veronika Franz, Severin Fiala (AUSTRIA)

Bi zinemagile Peter Kern zinema-zuzendari polemiko eta aktore odolberoari buruzko dokumental bat egiten saiatuko dira. Baina Kernek ez du dokumental arrunt baten mugetan sar dezaten nahiko. Zalantza egin, kritikak bota eta matxinatu egingo da… zuzendarien onespenarekin betiere. Veronkia Franzen (gidoilari eta zuzendaritza-laguntzaile Ulrich Seidl zuzendariaren zenbait lanetan) eta Severin Fialaren lehen lana.


KLIP
Maja Miloš (SERBIA)

Maja Milos zuzendari serbiarraren lehen lan honek Tiger Award sari bat irabazi zuen Rotterdamgo jaialdiaren azken edizioan. Protagonista Jasna da, Serbiako gerraostean bizitza gogorra daraman hamabost urteko neska ederra. Gelakide batekin maiteminduta, sexu, droga eta festa espiral batean sartuko da, eta guzti-guztia grabatuko du mugikorrarekin.


KÖNIG DES COMICS (RALF KÖNIG, KOMIKIEN ERREGE)
Rosa von Praunheim (ALEMANIA)

Rosa von Praunheim zuzendariaren dokumental berria munduko komiki-marrazkilari alemaniar ezagun eta maitatuenari eginiko omenaldia da: Ralf König. Egilearenak dira, besteak beste, Der bewegte Mann (Gizon desiratua) eta Kondom des grauens (Kondoi hiltzailea). Umorea, ironia eta errealitatearen behaketa garratza: horiexek dira intolerantziaren aurka borrokatzeko erabiltzen dituen armak.


Operación E (E OPERAZIOA)
Miguel Courtois Paternina (ESPAINIA-FRANTZIA)

Miguel Courtoisen (El Lobo, GAL) film berria Clara Rojasen benetako historian dago inspiratuta. Kolonbiako FARC taldeak bahitu zituen 2002an Clara Rojas eta Ingrid Betancourt, eta sei urteko gatibualdian haur bat izan zuen gerrillarietako batekin. Nekazari familia batek zaindu beharko du haurra. Luis Tosar da protagonista.


AS LINHAS DE TORRES (TORRESEN LERROAK)
Valeria Sarmiento (PORTUGAL)

Proiektu honen jatorrizko egilea iaz zendutako Raúl Ruiz zen (2010ean zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen Mistérios de Lisboa filmagatik), baina Valeria Sarmiento zinemagileak telebistarako mini-telesail bihurtuta eraman du azkenean pantailara. Gudaroste handi baten laguntzaz, Napoleon Portugal inbaditzen saiatu eta Wellington jeneralak gidatutako indar anglo-portugaldarrei aurre egin zien garaia berreraikiko du. Sail osoaren emanaldia izango da.


PALABRAS MÁGICAS (para romper un encantamiento) (HITZ MAGIKOAK (enkantu bat hausteko))
Mercedes Moncada Rodríguez (GUATEMALA-NIKARAGUA-MEXIKO)

Mercedes Moncada dokumentalgilearen lan berria Nikaraguako Iraultzari buruzko ikuspegi emozionala da: “Nik Managuako aintziraren antza dut: ez da beti ur berria daraman ibaia bezalakoa, hark gorde eta pilatu egiten du, eta halakoxea da Nikaragua”.


SHOKUZAI / PENANCE (SHOKUZAI)
Kiyoshi Kurosawa (JAPONIA)

GAUERDIKO EMANALDI BEREZIA
Telebistarako mini-telesail hau oso-osorik proiektatuko da. Kiyoshi Kurosawa (Cure, Pulse, Tokyo Sonata) zinemagile japoniar ospetsuaren azken lanak eskolan bertan lau ikaskideren aurrean bahituko duten neskatila baten hilketa misteriotsua kontatuko digu. Ikaskideek ez dute bahitzailearen aurpegia gogoratzen, eta horregatik, biktimaren amak kondena bat jarriko die: “Hiltzailea aurkitzeko ahal duzuen guztia egin ezazue. Bestela, penitentzia bat bete beharko duzue”.


TROPICALIA
Marcelo Machado (AEB-BRASIL-ERRESUMA BATUA)

Dokumental hau 60ko hamarkada amaierako Brasilen indar handia izan zuen mugimendu kultural bati buruzko begirada berria da. Ekoizpen honetarako bereziki bildutako artxiboko material garrantzitsua eta mugimenduko zenbait protagonisten interbentzioak biltzen ditu: Caetano Veloso, Gilberto Gil, Tom Zé, Mutantes, besteak beste.


XINGU
Cao Hamburger (BRASIL)

Villas-Boas anaien historia harrigarria eta Brasilgo lehenengo indiar erreserba den Xingu Parke Nazionala sortzera eraman zuten gertakizunak biltzen ditu filmak. Cao Hamburger zuzendari brasildarrak Berlineko azken zinema jaialdiko Panorama atalean aurkeztu zuen. 2006an ere izana zen jaialdi horretan, O Ano em Que Meus Pais Saíram de Férias lanarekin.


ZULOAK
Fermin Muguruza (ESPAINIA)

GAUERDIKO EMANALDI BEREZIA
Fermin Muguruza musikariaren dokumental berriak emakumez bakarrik osatutako Zuloak rock taldearen ibilbidearen jarraipena egiten du, Euskal Herriko beste emakumezko musikari batzuen ekarpena ere aldarrikatzeko.

 

71. Donostiako Zinemaldia

Emanaldien historikoa

Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe

Hizkuntzak