Zinema Eraikitzen sailean Argentinako, Brasilgo, Txileko, Kolonbiako, Mexikoko eta Paraguayko sei film aurkeztuko dituzte

Donostia Zinemaldiaren 59. edizioko 20. Zinema Eraikitzen jardunaldietan, irailaren 20an eta 21ean, parte hartzeko sei film aukeratu dituzte.

Aurten, Zinema Eraikitzen atalean ondoko filmak aurkeztuko dira lehenbiziko aldiz: Era uma vez Verônica (Brasil), Donostia Zinemaldiaren Horizontes Latinos atalean Cinema, Aspirinas e Urubus (2005) filmarekin parte hartu duen Marcelo Gomesena; Infancia Clandestina (Argentina), 2004an Zabaltegi-Bereziak sailean Nietos (Identidad y memoria) dokumentala aurkeztu zuen Benjamin Avilarena; Marialy Rivasen Joven & Alocada (Txile); Gabriel Mariñoren Un Mundo Secreto (Mexiko); Juan Andres Arangoren La playa (Kolonbia); Juan Carlos Maneglia eta Tana Schemboriren 7 Cajas (Paraguay).

Zinema Eraikitzen bi urtetik behin antolatzen dute Donostia Zinemaldiak eta Toulouseko Rencontres Cinémas d'Amérique Latine jaialdiak, Latinoamerikako zinemari laguntzeko helburuz.

71 film jaso dira honako hamabost herrialde hauetatik: Argentina, Brasil, Txile, Kolonbia, Kuba, Ekuador, Espainia, Frantzia, Herbehereak, Panama, Paraguay, Peru, Uruguai eta Venezuela.

Zinema Eraikitzen saileko 20. edizioan honako sari hauek banatuko dira:

Industriaren Zinema Eraikitzen Saria. Arena, Best Digital, Dolby, Kodak (zinema profesionalaren saila), Molinare Madrid, Nephilim, No Problem Sonido eta Technicolor Entertainment Services Spain enpresek film baten postprodukzio kostuak ordainduko dituzte, baita ingelesezko azpitituludun 35 mm-ko kopia ere.

Zinema Latinoamerikarraren Postprodukziorako Laguntzarako Amerikako Etxea saria, 10.000 euro gordinekoa.

Gainera, Zinema eraikitzen programan parte hartzen duten filmek nazioartean zabaltzeko aukera dute, Cervantes Institutuaren munduko sarearen bidez.

Zinema Eraikitzen sailak honako hauen babes ezinbestekoa jaso du: Garapenerako Lankidetzarako Espainiako Agentzia (AECID), Arena, Best Digital, Casa de América, Mugarik gabeko zinema (CSF), Dolby, Kodak (Zinema Profesionalaren Saila), MEDIA Mundus, Molinare Madrid, Nephilim, No Problem Sonido, Ibermedia Programa eta Technicolor Entertainment Services Spain. Era berean, honako hauen laguntza ere izan du: Europako Zinemagintza Tailerrak (ACE), Frantziako Gizarte Ekintzarako Kutxa Nagusia (CCAS), Frantziako Zinematografia Zentroa (CNC), CINÉ CINÉMA, Cinéfondation, Arte eta Saiakerako Zinemaren Nazioarteko Konfederazioa (CICAE), Garona Garaiko Kontseilu Nagusia, Midi-Pyrénées Eskualdeko Kontseilu Nagusia, Toulouseko CROUS, Ikus-entzunezkoetako Frantziako Goi Mailako Ikastegia (ESAV), EP2C – Postproduction training programme, Europa Distribution, FNAC, Cervantes Institutua, Mactari, Toulouseko Udala, Marché du Film, Signis eta TitraTVS.

20. ZINEMA ERAIKITZEN

ERA UMA VEZ VERÔNICA
Brasil
Zuzendaria: Marcelo Gomes
Antzezleak: Hermila Guedes, João Miguel, WJ Solha, Renata Roberta, Inaê Veríssimo
Medikuntzan lizentziatu berri den eta zalantza eta ziurgabetasunez beteta dagoen Veronica izeneko gaztearen hausnarketak. Bere lanbidea eta maitasun harremanak zalantzan jartzeaz gain, bizitzari aurre egiteko duen ahalmenak eta aurretik duen etorkizunak ere kezkatzen dute.
 

INFANCIA CLANDESTINA
Argentina
Espainia eta Brasilekin batera ekoiztua
Zuzendaria: Benjamín Ávila
Antzezleak: Ernesto Alterio, Natalia Oreiro, César Troncoso, Teo Gutiérrez Moreno, Cristina Banegas, Violeta Palukas.
Juan klandestino dabil. Bere ama, aita eta Beto osaba maiteak bezala, etxetik kanpo beste izen bat du. Juanek, eskolan, Ernesto izena du. Eta izen bakarra duen Maria ezagutzen du. Egilearen benetako bizitzan oinarritutako filmak Argentinako diktadura militar garaiko maitasun kontuak gogorazten dizkigu.
 

JOVEN & ALOCADA
Txile
Zuzendaria: Marialy Rivas
Antzezleak: Alicia Rodríguez, Aline Kuppenheim, María Gracia Omegna, Felipe Pinto, Ingrid Isensee
Daniela 17 urteko neska bat da eta familia ebanjeliko zorrotza du. Izatez bihurria den arren, «bide onetik» jarraitzen saiatuko da, harritutako gurasoek larru-jotzailea dela jakin ondoren. Salbaziorako bidean, harmonia espirituala lortzeko oztopo suntsitzaile bat aurkituko du, bere erlijioaren kanonekin bat ez datorren sexualitatea.
 

UN MUNDO SECRETO
Mexiko
Zuzendaria: Gabriel Mariño
Antzezleak: Lucía Uribe, Roberto Mares, Olivia Lagunas
Mariaren azken klase eguna bidaia baten hasiera izango da: Mexiko zeharkatuko du, eta zergatia ziur ez dakien arren, badaki ez dela plazerezko bidaia bat, badaki ez dela lagunei kontatzeko bidaia bat, bestelako zer edo zer da, bere ametsen sakontasunean eta bere bihotz hautsian jaio zen bidaia da.
 

LA PLAYA
Kolonbia
Brasil eta Frantziarekin batera ekoiztua
Zuzendaria: Juan Andrés Arango
Antzezleak: Luis Carlos Guevara, Jamés Solis, Andrés Murillo
Tomas, gerraren ondorioz Ozeano Bareko Kolonbiako kostaldetik ihesi joan den gazte beltza, Bogotan, 8 milioi biztanleko hiri arrazista batean, bidea egiten saiatzen da. Kalean desagertu den Jairo anaia gaztearen bila, Tomasek beldurrari, nostalgiari eta iraganeko zauriei aurre egiteko duen ausardia proban jarriko duten bidaia hasiko du.
 

7 CAJAS
Paraguai
Zuzendaria: Juan Carlos Maneglia eta Tana Schémbori
Antzezleak: Celso Franco, Lali González, Víctor Sosa, Nico García
Ostirala da Asuncionen, 40 graduko beropean. Victorrek, 17 urteko eskorgariak, 4. merkatuko telebista bati begira bere baitan bilduta, ospetsu izatearekin egiten du amets. Orduan, 100 dolarren truke, zazpi kaxa garraiatzeko eskaintza jasotzen du, barruan zer duten jakin gabe. Lanak erraza zirudien, baina kontua nahastu egiten da. Kaxek mundu guztiak nahi duen zer edo zer daramate barruan.

71. Donostiako Zinemaldia

Datozen filmak

Anora (J.B.G.A.)
Ostirala, 2024, Abendua 27 - 20:00
Boturik gabe

Emanaldien historikoa

Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Zure botua: Ezer ez Batez bestekoa: 2 (Boto 1)

Hizkuntzak