Zinemaldia

ESPAINIAKO LAU FILMEK HARTUKO DUTE PARTE DONOSTIA ZINEMALDIAREN SAIL OFIZIALEAN

Urrezko Maskorra jasotzeko José María de Orbe (Aita), Judith Colell eta Jordi Cadena (Elisa K), Oscar Aibar (El Gran Vázquez) eta Agustí Villaronga (Pa Negre) zuzendarien film berriak lehiatuko dira.

Aita izena du José María de Orbe zuzendariaren bigarren lanak; lehenengoa, La línea recta (2006) izan zen. José María de Orbe Espainiako zinemagintzako zuzendaririk sailkaezinenetako eta pertsonalenetako bat da. Aita Luis Miñarrok ekoitzi du, eta orain gutxi Karlovy Varyko zinema jaialdian Kristalezko Globoa sari nagusia jaso du Agustí Vila zuzendariaren La Mosquitera filmarekin. Horrez gain, Apichatpong Weerasethakul zuzendariaren Lung Boonmee Raluek Chat filma koproduzitu du Miñarrok. Azken film horrek Urrezko Palmorria irabazi du aurtengo Canneseko zinema jaialdian. Miñarro, era berean, Donostia Zinemaldiko Zinema Eskolen Nazioarteko Topaketako epaimahaiburu izan zen 2009an.

Judith Colell eta Jordi Cadena kataluniarrek Elisa K filma zuzendu dute, Lolita Bosch idazlearen Elisa Kiseljak obran oinarritua. Judith Colell zuzendariaren aurreko obra, 53 Días de Invierno, Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean estreinatu zen 2006an. Jordi Cadena, berriz, Espainiako trantsizio garaiko zuzendari esanguratsuenetako bat da, eta 1991n hartu zuen parte Zinemaldiko Sail Ofizialean Los Papeles de Aspern filmarekin.

El Gran Vázquez Oscar Aibarren laugarren filma da. Santiago Segura –lehenago La Máquina de Bailar filmean hartu zuen parte– Alex Angulo eta Enrique Villén dira film honetako aktoreak; komedia tankerako biopic berezia da, ukitu garratzak ere badituena. El Gran Vázquez filmak Vázquez margolariaren bizitza kontatzen du, frankismo garaian Bruguera argitaletxeko margolari nabarmenena izan zena.

Agustí Villaronga zuzendaria hirugarrenez izango da Donostia aldean; aurten Pa Negre filmarekin etorriko da, baina aurretik ere izan zen Zinemaldian Aro Tolbukhin (Sail Ofiziala, 2002) eta Tras el Cristal (Zabaltegi-Zuzendari Berriak, 1986) lanekin. Villaronga nazioarteko zinema jaialdi ugaritan izan da, eta Berlingo (El Mar) zein Canneseko (El niño de la luna) zinema jaialdietan ere hartu du parte. Pa Negre filmak Emili Teixidor idazle kataluniarraren izen bereko eleberria du oinarri, eta, besteak beste, Laia Marull (emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra 2003an Te doy mis ojos filmarekin), Eduard Fernández eta Sergi López ditu protagonista.

Datozen egunetan jakinaraziko du Donostia Zinemaldiak aurtengo edizioan Espainiako zer beste filmek hartuko duen parte.

Begirada gazte, jakinzale eta desafiatzaile batek egingo digu aurten 58. Zinemaldiaren edukia ezagutzeko gonbita

Irailaren 17tik (ostirala) 25era (larunbata) bitartean izango da Donostia Zinemaldia

 

Zientziaren Kutxagunean antolatutako ekitaldi batean eman da ezagutzera 58. Donostia Zinemaldiaren irudi berria. Laugarren urtez jarraian, Oscar Mariné arduratu da Zinemaldiaren diseinu grafikoaz. Aurtengoan, begirada berezi batek gonbidatuko gaitu, irmotasunez, jakin-minez eta desafioz, 58. Zinemaldiaren edukia ezagutzera.

72. Donostiako Zinemaldia

Emanaldien historikoa

Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe

Hizkuntzak